egunkaria auzia

Patxi Lopezek 'Egunkaria auzia'-n "justizia" egingo dela espero du

Eusko Jaurlaritzako aitortu du auzia hainbeste luzatu izanagatik "jendeak zalantzak" izan ditzakeela "Justiziaren sistemaz".

2010eko martxoaren 8a
19:10
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik -iazko maiatzean hartu zuen kargua-, Twitter bidezko bere bigarren elkarrizketa eman du gaur Patxi Lopezek eta, besteak beste, Egunkaria auzia-z galdetu diote, ea zer espero duen. "Beti esandako gauza bera espero dut: justizia", esan du Lopezek. "Deliturik egin ez dutenak definituak eta epaituak geratzea espero dut".

Auziak zortzi urte daramatzala gogoratu du lehendakariak -zazpi daramatza, 2003ko otsailean itxi zutelako Egunkaria-, eta aitortu du hainbeste denboraren ondoren oraindik epairik egon ez izanak "jendearengan zalantzak" sor ditzakeela "Justiziaren sistemaz". "Kasu honetan baino azkarrago jokatu behar du Justiziak".

Eusko Legebiltzarrak Egunkaria auziko bost auzipetuak absolbitzeko eskatzen duen adierazpena onartu zuen otsailaren 25ean. Aralarrek eta PSE-EEk adostu zuten mozioa, eta alderdi horietako parlamentariek, EAJkoek eta EBkoak babestu zuten.

Otsailaren 2an, berriz, auzia "behin betiko" amai dadila nahi duela zioen Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak (hemen haren adierazpena).



Epaiaren zain

Otsailaren 1ean bukatu zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Egunkaria-ren aurkako epaiketa, baina Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatutako epaimahaiak oraindik ez du eman epaia -ez dago datarik jarrita horretarako-.

Fiskalak eta defentsak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen absoluzioa eskatu zuten, haien aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.