Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du ETAren adierazpenaren ondoren "buruzagi nagusiekin" hitz egin duela baina ez dituela alderdi politikoak bilduko erakunde armatuaren erabakia aztertzeko. "Adierazpenean ez dago aurrerapenik eta alderdion batasuna egonkortuta dago. Besteetan ez da halako erantzun bateraturik gertatu", esan du Ser irrati katean. ETAk igandean adierazpena publiko egin zuenetik ez du agerraldi ofizialik egin Jaurlaritzako lehendakariak.
Lopezek berriro adierazi du ETAk jakinarazitakoa ez dela nahikoa. "Ez da hori euskal gizarteak exijitzen diona, ezta abertzale erradikalek exijitzen diotena ere". Hain zuzen, ETAk igandean jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua duela.
Rubalcaba: "Batasunaren arazoa ETA da"
Ezker abertzaleak atzo legeztatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari, baita euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko ere, baina Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan dio ahazteko eskaera horiekin eta ez egiteko eskaerak Espainiari. "Batasuna ez dadila zuzendu [Espainiako] Estatuarengana, haren arazoa ETA delako. ETArengana zuzendu behar du", adierazi du gaur Rubalcabak Radio Euskadin. "Edo Batasunak esaten dio ETAri, 'mutilok, utzi dena', eta orduan ilegalitatearen zera guztia desagertu egingo da, edo ETArekin moztu egiten du, eta une horretan legezkoa izango da berriro".
Atzo Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak esan zuen baikor dela aurrera begira, "mundu horretan iraultza" gertatzen ari delako, "eta baliteke egun batean su-eten honen egiaztatzeaz eta kontrolaz hitz egiten duen agiria egotea". Rubalcabak gaur argitu du ez dagoela ados Egigurenekin, honen iritziak "pertsonalak" direla.
Ministroak adierazi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak "honetan guztian [ETAren erabakian] zereginen bat" izango zuela, baina auzi judizialengatik preso dagoela gogoratu du. Iazko urritik daukate Otegi kartzelan -Batasuna berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuen Espainiako Poliziak-, eta aurtengo martxoan Espainiako Auzitegi Nagusiak bi urteko espetxe zigorra jarri zion omenaldi batean "terrorismoa goratu" zuelakoan.
ETA-ren adierazpena. Erreakzioak
Patxi Lopezek ez ditu alderdiak bilduko ETAren erabakia aztertzeko
Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, erakunde armatuaren adierazpenean "ez dago aurrerapenik" eta "alderdien batasuna egonkortuta dago". Rubalcabak ezker abertzaleari ohartarazi dio ETArengana zuzentzeko, ez Espainiako Estatuarengana. Egigurenekin ados ez dagoela dio Barne ministroa, eta uste du Otegik ETAren erabakian "zereginen bat" izango zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu