ETAk borroka armatua behin betiko utzi duela iragarri ostean Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du ez duela alderdien mahairik edo antzeko fororik osatuko Eusko Legebiltzarretik kanpo. EAEren etorkizunaren inguruko erabakiak Legebiltzarrean hartuko direla azpimarratu du.
Erabaki horrek zeresana sortu du gaurko bilkuran, eta Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak erantzun dio Legebiltzarra "baliogabetuta" dagoela, ezker abertzaleak ez baitu parte hartzerik legealdi honetan.
Lopezek uste du bakea ez zela Donostiako Nazioarteko Konferentziarekin iritsi, baizik eta ETAk euskal gizartea kontra zuelako. "ETAri ez diogu ezer zor, eta ez diogu ezer ordainduko". Lehendakariaren hitzetan, arazo politikoa ETA zen eta alderdiei lasaitasuna eskatu die, Jaurlaritzak ez duelako hauskundeekin lotutako "larrialdi edo estutasunik" onartuko.
Joseba Egibar (EAJ), Aintzane Ezenarro (Aralar) eta Juanjo Agirrezabalak (EA) arazo politikoari aurre egiteko eskatu diote, ez baita "ETAren gelditzearekin bukatu". Egoera berriaren aurrean "ausardiaz" jokatzeko eta konponbiderako bidean dagokion "buruzagitza" bere gain hartzeko esan diote.
Lopezen esanetan, "garai berri honetan ezinbesteko diren oinarriak" pasa den hilabetean aurkeztu zuen Bakerako Dekalogoan bilduta daude.