"Beti bergizarteratzearen helburuan oinarrituta, presoen hurbiltze progresiboa" proposatu du gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, politika orokorreko saioan. Horretarako "kartzela politika malgua" behar dela iritzi dio. 688 preso daude Euskal Preso Politikoen Kolektiboan, eta horietatik zortzi baizik ez daude euskal espetxeetan.
Bakerako eta Elkarbizitzarako Plana aurkeztu du Lopezek, eta presoei buruzko hori da proposamenetako bat. Beste proposamen bat: Memoria eta Tolerantziaren Institutua sortzea.
Lopezek uste du "garai berri bat" dagoela egun, "demokraziak irabazi" egin duelako, "ETA garaituta baitago. Garesti atera zaigu, baina gaur egun inork ez du jendaurrean indarkeria aldarrikatzen. Garaipen demokratikoa gailendu da". "Ezagutu dugun terorrismoa bukatu" dela iritzi dio.
Ondorioz, "adiskidetasunerako akordio handia" egin behar dela azpimarratu du. Hala, "gertatutakoaren benetako kontakizuna" behar da, haren arabera, "terrorismoaren aitortza publikoa", ETAri bukatzeko "exijentzia" egin behar zaio, eta euskal presoei eskatu behar zaie ETArekin behin betiko hausteko.
Halaber, "legea betetzen duten alderdi guztien legezko aitortza" eskatu du. Lopezek uste du "ezker abertzalea gaur lege barruan" dagoela, baina ñabardura bat egin du: "Demokrazia eta zuzenbidezko estatua nagusitu direlako [dago lege barruan]”. Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoa oraindik ez da legezkoa; Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe jo ostean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain dago.
11:30ak aldera bukatu da goizeko saioa. Lopez baino ez da mintzatu —9:30etik—, eta 14:30etik aurrera talde parlamentarioen txanda da.
Fiskalitatea, aldundiekin
Bakerako eta Elkarbizitzarako Planaz aritu aurretik, Lopezek alor ekonomikoari garrantzia eman dio. Adierazi du fiskalitate berria behar dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Legebiltzarreko Mahaiari proposatu dio hori legebiltzarrean foru aldundiekin batera aztertu beharko litzatekeela, "haien parlamentua ere badelako hau".
Arabako (Javier de Andres, PP), Bizkaiko (Jose Luis Bilbao, EAJ) eta Gipuzkoako (Martin Garitano, Bildu) ahaldun nagusiak gaur legebiltzarrean daude.
Fiskalitateak "berdintasuna, justizia eta elkarkidetza sendotzeko tresna" izan behar duela iritzi dio Lopezek, "guztiok progresoaren partaide izan gaitezen. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu behar du komunitatea eta behar dituen laguntzak hartu. Horrela eraikitzen da Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakorra guztion artean".
Ekonomiari helduz hasi du hitzaldia lehendakariak. "Merkatuen tiraniaren aurrean" politika aldarrikatu du Lopezek, eta bere gobernu taldearen lana goraipatu du.
Zerbitzu publikoei eutsi nahia
Jakinarazi du krisia dela-eta Jaurlaritzak murrizketa gehiago egingo dituela, baina zerbitzu publikoei eusten saiatuko dela. Diru iturriak handitu nahi ditu, orobat.
Sindikatuei eta enpresarioen elkarteei akordioak lortzeko galdegin die.