politika

Patxi Lopezen arabera, EAJren helburu bakarra hauteskundeak lehenago egitea da

PSEk "herri hau" gidatzen jarraitu nahi duela esan du lehendakariak, "krisiari aurre egiteko eredua, herri eredua, eta askatasunaren eta bizikidetzaren egonkortzea" ardatz hartuta.

2012ko otsailaren 25a
15:14
Entzun

Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du berak "Euskadin adostasunak bilatzeko proposamenak" aurkezten dituenean, EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko eskatzen duela. "Bitxia da", esan du Lopezek bere alderdiaren ezohiko bileran eta, ondorioz, uste du jeltzaleen helburu bakarra bozak aurreratzea lortzea dela. EAEko legebiltzarrerako azkenak, 2009ko martxoaren 1ean izan ziren.

"Jaurlaritzari eraso egiten dio EAJk, hura ahuldu nahi du", lehendakariaren arabera, "baina horrela herria bera ahultzen da", leporatu dio ondoren alderdi jeltzaleari. "Zer egiten ari den eta nola ari den portatzen gogoeta egin beharra dauka".

Lopezek atzo iragarri zuen bake bidean aurrerapausoak emateko "foroak eta formulak" adostea proposatuko diela Eusko Legebiltzarreko taldeei, baina gaur aitortu du ez dela oso baikor EAJrekin. "Izan ere, hark itunak Madrilen baino ez ditu egin nahi". Asteartean ETAren bukaerari buruzko akordioa sinatu zuen EAJk Kongresuan.

PSE-EEk "herri hau" gidatzen jarraitu nahi du, Lopezek dioenez, eta horretarako oinarrizko hiru ardatz proposatuko ditu: "Krisiari aurre egiteko eredua, herri eredua, eta askatasunaren eta bizikidetzaren egonkortzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.