AEMk atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Guardia Zibilak atzo Patxi Ruizen bi lagun identifikatu zituen Murcia-II espetxetik ateratzean, konfinamendua hausteagatik, eta isuna jarriko dietela esan die. Zazpigarren eguna du gaur euskal preso horrek gose eta egarri greban. Ruizen hurkoek 736 kilometro egin zituzten preso iruindarra bisitatzeko. Goizean ez zieten utzi harekin egoten, baina bai arratsaldean. Irtetean, ordea, Guardia Zibila zuten zain.
AEMk jakinarazi du hamar kilo galdu dituela. "Tentsioa orekatuta dauka, eta giltzurrunetako min handia daukala esan die bere hurkoei, baina borrokarekin aurrera jarraituko duela baieztatu die". Ostiralean eta atzo goizean medikuak artatu zuela dio AEMk. «Konfiantzako medikuek, ordea, ezin izan dute oraindik harekin hitz egin». Ruizekiko elkartasunez, lau euskal presok egin diote uko janari erretiluari: Puerto III espetxean dauden Dani Pastorrek, Oskar Barrerasek eta Aitor Cotanok, eta Murcia II espetxean dagoen Mikel San Sebastianek. Ibai Aginagak eta Jon Kepa Preciadok, berriz, uko egin diote ziegatik ateratzeari.
Gaur Txantrean (Iruñea) Ruizi elkartasuna adierazteko egitekoak ziren manifestazioa debekatu egin du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, AEMk jakinarazi duenez. Hainbat herri eta auzotan daude deituta bilkurak. Sabicas plazan zegoen deituta 20:15ean, eta deitzaileek, Efe albiste agentziaren arabera, 2.500 pertsona espero zituzten. Kopuru horrekin konfinamenduko segurtasun baldintzak betetzea ezinezkoa dela argudiatu du Gobernuaren ordezkaritzak debekua agintzeko.
Pintaketa gehiago Bizkaian
EAJko Bizkai Buru Batzarrak salatu duenez, bart pintaketa gehiago egin dituzte Gernika-Lumoko batzokian Patxi Ruizen egoera salatzeko. Laugarren eguna da, aurrekoetan Portugaleten, Getxon, Igorren, Berangon eta Bilboko zenbait batzokitan gauza bera gertatu ondoren. "Irtenbideak ekarri baino gehiago, elkarbizitza oztopatzen dute", salatu du BBBk.
Horrelako "jarrera onartezinak" berehala amaitzeko eskatu du EAJk, eta alderdi guztiei eskatu die gaitzesteko.