Politika

Patxi Zabaleta: "Nazio Eztabaidaguneak proposatutako Nazio Eraikuntzarako Biltzarrean ez dugu sinesten"

Nazio Eztabaidaguneak egin duen bidearekin kritiko agertu da Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Kritiko, batetik, Euskal Herriko gatazkaren iturriei buruz adostu duen azterketa mugatua iruditzen zaiolako, eta, bestetik, ez duelako uste Eztabaidaguneak proposatu duen Nazio Eraikuntzarako Biltzarra baliagarria denik. Baina puntu positiboak ere ikusten dizkio Nazio Eztabaidaguneari: besteak beste, gatazka konpontzeko alderdien eta gizarte eragileen mahaia sortzea. Aralarrek mahai horretan parte hartuko duela azpimarratu du, eta Irlandako Foroarekin parekatu du.

2004ko apirilaren 14a
16:58
Entzun
Zabaletak esan du, Nazio Eztabaidagunean abian jarri zenetik agertu zutela beren jarrera zein zen. Hau da, hasieratik adierazi ziotela erakunde horri sinesgaitz egiten zitzaiela diagnosi bateratuetara heltzeko aukera. "Azterketa indar politiko bakoitzak beren barnean egiten du, hain zuzen ere, indar politiko bakoitzaren ideologiak eraginda. EAJk, Batasunak, edo beste alderdiek ezin dute azterketa bera egin, eta hori bateratzen saiatzea ezinezko lana hartzea da", iritzi dio Aralarreko koordinatzaileak.

Ildo horretatik, Nazio Eztabaidaguneak Euskal Herriko gatazkaren inguruan adostu duen diagnostikoarekin Aralar ez datorrela bat nabarmendu du Zabaletak, eta halaxe jakinazi diotela erakunde horri. "Gatazka gainditzeko agiriko lehen atalean esaten da herri honetan dagoen gatazkaren iturria Espainiako eta Frantziako estatuek egiten duten autodeterminazioaren ukoa dela. Hori da iturri bat, baina, zalantzarik gabe, beste batzuk ere badaude. Ezin da dena horretara laburbildu. Hori da gure lehen desadostasuna", agertu du.

Nolanahi ere, Aralarren desadostasunak ez dira horretara mugatzen. Aitzitik, Nazio Eztabaidaguneak proposatutako Nazio Eraikuntzarako Biltzarra ez zaie egokia iruditzen. "Nazio Eraikuntzarako Biltzar horretan, osagai desberdinez osatzen den kontseilu horretan, sortu baino lehenago egitarau bat eta zeregin batzuk ipini zaizkion kontseilu horretan, ez dugu sinesten. Zergatik? Uste dugulako eragile politikoek beren bideak eginak ditutela. Uste dugulako indar politikoak, Batasuna, EAJ, EA, Ezker Batua, Aralar, baita PSOE ere, hor daudela, eta horietatik at ezin dela egitura nazional bat sortzen hasteko ametsa gauzatu. Ezinezkoa da", iritzi dio. "Kontseilu horretan alderdi gisa ez dugu tokirik, beste alderdiek ez duten bezala. Orduan, biltzar horretan egonen dira pertsona batzuk, errespetatzen digutun pertsonak, baina herri honetako beste elkarte bat gehiago izanen da. Hori da guk egiten diogun kritika".

Hala ere, alde positiborik ikusten die Aralarrek Nazio Eztabaidagunaren ekimenei; gatazka gainditzeko alderdien eta gizarte eragileen mahaia osatzeari, kasu. Izan ere, Zabaletak uste du irtenbideak bilatzekotan Lizarra-Garaziko prozesua ahalbidetu zuen Irlandako Foroaren moduko tresnak sortu behar direla, eta Foro haren antza hartzen dio Eztabaidaguneak eratu nahi duen mahaiari. "Irlandako Foroaren tankerakoa da alderdien eta sindikatuen mahai hori, etahori bai, hori da bidea, besteaz ez", nabarmendu du.

Su-etena

Bestalde, Aralarreko koordinatzaileak onartu du ETAk Aberri Egunaren kariaz aldarrika zezakeen su-etenaren inguruan zurrumurru asko eta arrabots handiegia ibili dela, baina, hala ere, gizarteari menia eskatzea zilegi zaiola defenditu du. "Zalantzarik gabe, adierazpen gehiegi izan da. Ordea, gertatzen dena da gizarteak bere ahotsa entzunarazi behar duela, eta bere ordezkarien bidez entzunarazten duela. Guk sorreratik eskatzen ditugu su-etena, elkarrizketa eta autodeterminazioaren leloan adierazten dena. Guk beti su-eten htiza erabiltzen dugu. Zergatik? 'ETA ez', 'desager daitezela' eta horrelakoek ez dutelako bidea egiteko abagunerik ematen. Uste dugu-su-etena dela bidea, eta su-eten horrek izan behar du mugagabea, salbuespenik gabea, sakona eta bermeduna. 1998ko esperientzi txarrak erakutsi zigunez, ezin da batzuen esku gelditu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.