Politika

Patxi Zabaletak dio Aralar prest dagoela ezker abertzalearekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko

"Hurbilketak" ikusi ditu Arnaldo Otegik atzo aurkeztutako agirian, "baina egiteko urratsak ere badaude", eta "bide politikoak soilik" erabili behar direla nabarmendu du. EAJk "errespetua" eskatu du.

2009ko martxoaren 17a
15:46
Entzun
Ezker abertzaleak atzo Arnaldo Otegiren bidez zioen eragile independentistekin bilera saila hasiko duela, "elkarlana" sustatzeko asmoz "estrategia eraginkorra" lortzeko, eta gaur Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du bere alderdiak oraindik ez duela batzartzeko deirik jaso baina orain ere prest daudela haiekin biltzeko, hitz egiteko eta "eztabaidatzeko".

Alde denekiko errespetua eskatu du Zabaletak, eta "ondoren adostasunak egiteko jarrera" beharrezkoa dela uste du, gaur Euskadi Irratian esan duenez. "Ez dugu aurreiritzirik edonorekin hitz egiteko. Aralarrek erakutsi izan du hitzartzeko jarrera baduela".

"Hurbilketak" ikusi ditu Otegik atzo aurkeztutako agirian, "baina egiteko urratsak ere badaude", eta, aurrerapausoak egiteko, "bide politikoak soilik" erabili behar direla azpimarratu du. Erabaki eskubidea defenditzean "eragile denekin" bat egiten saiatu behar dela dio, "EAJrekin barne", eta, horretaz gain, politika sozialak ere lehentasuna duela.

Aralarrek, ezker abertzalearekin ez ezik, beste eragileekin ere hitz egin duela eta hitz egingo duela esan du Zabaletak, eta "ezker abertzale politiko, bakezale eta euskaltzalea" eratzean bere bidea egiten segituko duela.

Joseba Egibarren erantzuna

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak "errespetua" eskatu dio ezker abertzaleari, "gurekin hitz egin nahi badu". Otegik aurkeztutako agiriak EAJri egindako kritikak "historikoki eta politikoki ez dira justuak", Egibarren ustez, eta azpimarratu du jeltzaleek euskal estatua sortzeko helburuari ez diotela uko egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.