Aralarrek IV. Biltzarreko txostenean berak Nafarroa Bai uzteko aukera dagoela aipatu badu ere, Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaileak ez du uste koalizioa hautsiko denik eta "barne funtzionamenduan dauden desadostasunak konpondu" egingo direla adierazi du gaur, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. "Zentzuz" jokatzeko eskatu du, ordea, arazoak "agerikoak" direlako. "Nafarroa Bai egituratu beharra dago".
Aralarrek ez ezik, EAk, EAJk eta Batzarrek osatzen dute koalizioa -2004an sortu zuten-, eta Zabaletak etorkizunera begira ahalmen handia ikusten dio: batetik, ezkerrekoak eta abertzaleak Nafarroan lehen indarra izatera hel daitezkeela esan du eta, bestetik, koalizioan eragile gehiagok parte har dezaketela. Nafarroako EAk, EAk eta Batzarrek ez dute uste hausturarik gertatuko denik, atzo ziotenez.
Horretarako denerako, ordea, Aralarrek deritzo "norekin eta zertarako" aritu behar duen gogoeta egitea beharrezkoa eta, txostenak dioenez, aukera bat baino gehiago ikusten ditu: NaBai sendotu, bakarka aurkeztu edo beste aliantza batzuk lortu.
Zabaletak aitortu du Aralarrek ezkerreko politika egiteko muga batzuk dituela NaBain, "ordaindu beharreko zergak ekartzen dituelako erkaketak".
Larunbatean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte txosten politikoa eta estatutu txostena, eta igandean zuzendaritza berria aukeratuko dute. Aralarrek biltzarrera gonbidatu ditu, besteak beste, EA, EAJ eta Batzarre. Iruñean izango da kongresua, Baluarten. "Dena dela, hilabete barru Aralarrek Nafarroako Konferentzia egingo du -Tuteran-, eta orduan sakonago hitz egingo du gai honetaz".
Uxue Barkos
2011ko foru bozetarako koalizioko zerrendaburu Uxue Barkos izatea iradoki berri du EAk, eta Zabaletak dio oraindik ez dela garaia horretaz hitz egiteko. "Etorkizuneko balio politikoa da Barkos, guk babesten dugu haren lana, baina egongo da horretaz zehatz hitz egiteko aukera geroago".
2007an Zabaleta bera izan zen NaBaiko zerrendaburua herrialdeko parlamenturako, eta koalizioa bigarren indarra izan zen. Hamabi parlamentario lortu zituen. PSNk ere bai. UPNk, 22. CDNk eta IUk, bina. Espainiako Justiziak bozetarako baliogabetu egin zuen EAE-ANV.
politika
Patxi Zabaletak uste du "zentzuz" jokatuta konponduko direla Nafarroa Baiko arazoak
Aralarren asteburuko biltzarreko txostenak aukera bat baino gehiago ikusten ditu koalizioari begira: NaBai sendotu, bakarka aurkeztu edo beste aliantza batzuk lortu. "Nafarroa Bai egituratu beharra dago", dio Aralarreko koordinatzaileak. Etzi bozkatuko dute txosten politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu