Paueko Auzitegiak (Okzitania, Frantzia) atzera bota du Aurore Martin Batasuneko kidearen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua. Beraz, Martin ez dute Espainiaratuko. Aldiz, Olatz Izagirre gazte independentistaren aurkako euroaginduaren berririk ez dago oraindik.
Lehengo astean egin zuten Pauen Martinen aurkako euroagindu saioa, eta auzitegiak gaur arte atzeratu zuen erabakia. Martin libre uzteko eskatu zuen haren abokatuak, eta Batasuna Frantziako Estatuan legezko alderdi politikoa dela gogoratu zuen. "Haren ideia politikoengatik eskatu dute Espainiaratzeko", esan zuen abokatuak.
2009ko martxoan, Batasuneko, EHAK-ko eta EAE-ANVko 44 lagun auzipetzeko erabakia hartu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Haien artean Aurore Martin dago. Joan den maiatzaren 19an atxilotu eta 2009ko uztailaren 14an epaileak eskatu euroaginduaren berri eman zioten. Batasunaren Mahai Nazionaleko kide zenean Hego Euskal Herrian egin bilkura batzuetan parte hartzeagatik, "Espainian, 2005etik 2008ra erakunde terrorista batean parte hartzea" leporatua diote.
Prozedura honek oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela ohartaraziz, gelditzeko eskatu zioten 70 bat hautetsik Frantziako Justiziari.Tartean, Jose Bove eta Catherine Greze europar diputatuek (Europe Ecologie), Jean Lassalle (Modem alderdi zentrista) Frantziako diputatuak, Alice Leiziagezahar (Europe Ecologie) eskualdeko kontseilariak eta Alain Iriart (AB) eta Kotte Ezenarro (PS) kontseilari nagusiek adierazi zioten Martini sostengua. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hamazazpi auzapezek ere prozeduraren gelditzea eskatu dute.
Askatasunak gaur eskerrak eman dizkie "askatasun eta eskubide politikoen aurkako eraso berri honen kontra" mobilizatzen aritu diren eragile eta hautetsi guztiei.
politika
Pauek ez du onartu Aurore Martin Batasuneko kidearen kontrako euroagindua
Ez dute Espainiaratuko. Maiatzaren 19an atxilotu egin zuten, Mahai Nazionaleko kide zenean Hego Euskal Herriko bilkura batzuetan parte hartzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu