Pauek milioi bat euroko diru saila du euskararentzat

Aurrekontuko diruaz gain, Seaskaren egoitza eraikitzeko eta Kanboko kolegioaren berritzeko dirua emango du

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kontseilu Nagusiak 2011rako behin-behineko aurrekontuak aurkeztu ditu, eta bertan jakinarazi du milioi bat eurokoa izanen dela euskararentzako diru saila. Frantzia mailan erakunde publiko batek euskararentzako sekula onartu duen diru laguntza handiena dela azpimarratu dute Jean Jacques Lasserre eta Max Brisson kontseilari nagusiek.

Aipatutako diru sailaz gain, Seaskari laguntza ekarriko diotela jakinarazi dute bi kontseilari nagusiek. Bi xede bultzatzeko borondatea azaldu dute: batetik, Seaskaren egoitza nagusiaren eraikuntza egitea, eta, bertze alde batetik, Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioko zaharberritze lanetan laguntzea. Alta, atal honetarako baliabideak ez ditu zehaztu Kontseilu Nagusiak.

Aurrekontuetan atxiki duten milioi bateko diru saila euskararentzat bada, ondoriozta daiteke EEPren hurrengo urteko aurrekontua bederen hiru miloi eurokoa izanen dela, Kontseilu Nagusiak, Akitaniak eta Frantziak kopuru bera jartzen dutelako.

Seaskaren eraikuntzen afera, ordea, bertze bat da. EEP eta Seaskako buruzagiak abenduan bilduko dira aipaturiko bi xede horiek aztertzeko elkarrekin. Oraindik ez da kopuru zehatzik aipatu, baina, Seaskaren arabera, «milioi bat euro baino anitzez gehiago beharko dira bi xede horiek egiteko».

Eusko Jaurlaritzak Seaskarentzako diru laguntzak kenduko dituela iragarri ondoren, eraikuntzarako diruaren erantzukizuna Frantziako botere publikoen gain gelditzen dela azpimarratu du Seaskak. Xede horiek lagunduko zituztela erran zuen Brissonek maiatzean, baina oraindik ez du kopururik zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.