Paueko auzitegiak datorren asteartean erabakiko du Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Esparza iruindarra Espainiaratzeko abian jarritako euroagindua onartu edo ez. Hala jakinarazi du Efe albiste agentziak iturri judizialak aipatuz.
Euroagindu hori zela tarteko, Frantziako Poliziak Esparza atzo atxilotu egin zuen Baionan. Gero libre utzi zuen, kontrolpean. "Terrorismoa goratzea" egotzita jarri du martxan Auzitegi Nazionalak euroagindua, agi denez, Esparzak Korrikan presoen irudiak eraman zituelako. Irailaren hasieran ere atxilotu zuten amnistiaren aldeko mugimenduko kidea, beste euroagindu bat zela medio. Ordukoan, Ekineko kide izatea leporatzen zioten, eta azken ebazpenaren zain dago.