Hendaiako Herriko Etxeak ezin duela ikastola lagundu, eta egoitza berria eraikitzeko onartu zuen deliberoa legez kontrakoa dela ebatzi du Paueko auzitegiak. Joan den ostegunean ikusi zuten auzia Pauen, eta gaur jakinarazi du ebazpena.
Patrick Dallennes Baionako suprefetak urtarrilean igorri zuen gutun bat Hendaiako herriko etxera, delibero hori legez kanpokoa zela jakinaraziz. Ekainean, Lionel Beffre prefetak berretsi zuen suprefetaren jarrera. Orain arrazoia eman die Paueko auzitegiak, Falloux legean oinarrituz, eta Hendaiako Herriko Etxeari agindu dio bertan behera uzteko ikastola berria eraikitzea onartzeko erabakia.
Herriko etxearen aurkako bi prozedura abiarazi zituen suprefetak. Batetik, ikastola egiteko deliberoa bertan behera uzteko eskatzen zuen; bigarrenik, helegite prozedurak iraungo duen epean indarrean egotea debeku hori. Alegia, helegiteak iraungo dueino Hendaiak ezinen du ikastolarik eraiki.
Battitta Sallaberri Hendaiako auzapezak adierazi du bururaino eramanen duela ikastola eraikitzeko xedea eta Frantziako Gobernuari eskatu dio Seaskaren egoitzen arazoari legezko aterabidea emateko.
Joan den astean ezagutu zen, bestalde, Beskoitzeko ikastola laguntzeko erabakiaren aurka ere egin duela Baionako suprefetak. Gutun bat igorri zuen herriko etxera, ikastola berria egiteko lur publikoak ezin dituela eman gogoraraziz, ez bada "merkatuko prezioan" salduta.
Falloux legeak guztiz debekatzen dio administrazio publikoari eskola pribatuak laguntzea, nola diruz, hala egoitzak emanez. Gaurko ebazpenarekin, Falloux legea indarren dela adierazi du Paueko auzitegiak.
Arrangura hori presente izan du Seaskak urte osoan. Irail honetan, eskola sartzea hastearekin batera, Seaskak berak adierazi zuen arrangura hori, eta mobilizazioak antolatzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen.