Paueko Auzitegiak irailaren 20ra arte atzeratu du Josu Esparzaren aurka Fernando Grande Marlaska epaileak igorritako euroagindua aztertzeko zita.
Gaur zen auzitegia kasua aztertzekoa baina goizean egindako saio azkar baten ondoren auzia atzeratzea erabaki dute euroaginduaren dokumentazioa oraindik iritsi ez delako, AFP agentziak jakitera eman duenez.
Esparzak hitza hartu du gaur goizean Biarnoko auzitegian egin den saioan euroaginduaren izaera politikoa eta Espainiako gobernuaren jarrera salatzeko. Esparzak aske jarraituko du auzia egin bitartean baina gaurko saioan azaldu duenez "ez du esperantza handirik" emaitzari buruz. "Erabaki politikoa da eta bake prozesu batean murgilduak egon arren, Espainiak aterik ez irekitzea erabaki du"
Euroaginduaren aurkako Kolektiboak agiria plazaratu du auzi berri hau salatuz eta auzi honen testui8nguru politikoa nabarmenduz; "Frantses poliziak Josu Esparza atxilotu du frantses eta espainiar barne ministroen bilkuraren biharamunean. Agerian uzten dute bi estatuek, bide errepresiboa mantentzearen alde duten borondatea".
Espainiako Polizia urtarrilean saiatu zen Esparza atxilotzen, Ekinen kontra egindako operazioan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide da Esparza, eta, mugimendu horrek jakinarazi duenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian bizi izan da, bizitza publikoa eginez. Irailaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Frantziako Polizia Judizialarekin elkarlanean.