gizartea

Paueko Auzitegiak legezkotzat eman du Senperek Laborantza Ganbera diruz lagundu izana

Atzera bota du Pirinio Atlantikoetako prefetaren salaketa. Herriko kontseiluak bi mila euro eman dizkio EHLGri.

2010eko martxoaren 10a
17:43
Entzun
Paueko Auzitegiak atzera atzera bota du Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak Senpereko (Lapurdi) herriko kontseiluaren aurka jarritako salaketa eta, hala, legezko jo du Senpereko kontseiluak EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberari bi mila euroko laguntza eman izana.

Reyk herriko kontseilua zigortzeko eskatu zuen EHLGri laguntza emateagatik. Hain justu, 2009ko abenduaren 11n Senpereko kontseiluak EHLGri bi mila laguntza ematea onartu zuen. Baina prefetak horren aurkako helegitea jarri zuen, aitzineratuz EHLG Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Laborantza Ganberaren lehiakidea dela, EHLGren izenak nahasmena sortzen duela, diru laguntza horretan senperetarrek ez dutela interesik eta herriak laborantza arloan ez duela eskumenik. Diru laguntzaren ezeztatzea eskatu zuen.

Atzo izan zen epaiketa, Pauen (Frantzia), eta Jean Rene Etxegarai Senpereko herriko abokatuak banan-banan erantzun zien prefetaren argudioei. Lapurdiko herriak EHLGri emandako diru laguntza "guztiz zilegi" dela erran zuen administrazio epaitegian. Senperen 170 laborari bizi direla ohartarazi zion epaileari, eta diru laguntza horren truke EHLGk hainbat lan eramaten dituela han. Hori egin ahal izateko herriek laborantza gaietan eskumena badutela azpimarratu zuen.

Izenari dagokionez, Etxegaraik oroitarazi zuen euskara ez dela hizkuntza ofiziala Lapurdin eta, horrenbestez, ezin dela argudio juridiko baten oinarri izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.