Lau kargu leporatzen dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak Martini: talde terroristako kide izatea, talde terrorista batekin kolaboratzea, terrorismoaren apologia egitea eta Herrira-ren jarduera eteteko neurri prebentiboa urratzea. Kontrol judiziala ezarria diote Martini; ezin da Pirinio Atlantikoetako departamendutik atera, eta astero sinatu behar du Donibane Garaziko jendarmerian.
Gaur aztertu dute auzia Paueko Auzitegian, eta prokuradoreak nahiz Martinen abokatuak eskatu dute ez dezatela Espainiaratu. "Ez ekintzen tokia, ezta Martinen inplikazioa ere zehaztu gabeak dira", nabarmendu du prokuradoreak. Abokatuak azpimarratu duenez, berriz, "Martinen ekintzetan Espainia trabatzen duena ez da egiten duena, baizik eta norentzat egiten duen".
Deliberoa urriaren 18an emango du auzitegiak, baina bitartean, ez diote kontrol judiziala kendu. Astelehenean, Baionako suprefektura aitzinean 190 pertsona elkartu ziren, eragile politiko, sozial eta sindikal anitzek deituta.