Gorka Torre, Jean Noel Etxeberri 'Txetx', Xarlo Etxezaharreta eta Iñaki Etxeleku Demoetako kideei 150 egunez egun bakoitzeko 10 euroko isuna ezarri zien Paueko Auzitegiak 2000ko ekainean Lapurdiko Biltzarreko agiriak lapurtu eta atxikitzeagatik.
Helegitea aurkeztu zuten erabakiaren kontra, eta ekimen hori aztertu duen tribunalak, arindu ordez, areagotu egin ditu zigorrak akusatutako biren kasuan: Gorka Torreri eta Txetxi bikoiztu egin die isuna; hau da, 150 egunez eguneko 10 euroren ordez 20 ordaindu beharko dituzte. Beren espediente judizialean beste zigor batzuk dituztelako hartu du erabaki hori tribunalak.
Etxezaharretari eta Etxelekuri ezarritako isunak, berriz, lehen bezala mantendu ditu Auzitegiak.
Ipar Euskal Herriarentzako departamendu propioaren aldeko borrokan, 2000ko ekainean Lapurdiko Biltzarreko agiriak ostu zituzten demoek Paueko Artxibategitik. Zehatz-mehatz, XVIII. mendekoak ziren lapurtu zituzten Lapurdiko Biltzarreko agiriak, eta haietan jasotzen da dagoeneko garai hartako hautetsiek euskal departamenduaren sorrera eskatzen zutela.
Lapurreta horrengatik 125 lagunek inkulpatu zuten beren burua.
Torrek, Txetxek, Etxezaharretak eta Etxelekuk 75 egunez espetxera joateko arriskua dute isuna ordaintzen ez badute. Demoen orain arteko erabakia izan da isunik ez ordaintzea.
Politika
Paueko Dei Auzitegiak gogortu egin ditu demoen aurkako zigorrak
Paueko Artxibotik Lapurdiko Biltzarreko agiriak ostuta atxikitzeagatik zigortu zituzten demoei ezarritako isunak gogortzea erabaki du Paueko Dei Auzitegiak. Zehazki, Demoen mugimenduko lau kide zigortu zituzten ekintza horregatik; haietako biri ezarritako isunak gogortzea erabaki du Auzitegiak, eta beste bienak lehen bezala mantentzea. Ekintza horren helburua Ipar Euskal Herriarentzat departamendua aldarrikatzea zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu