Paueko epaileak arratsaldean behin-behinean libre utzi du Iñaki Imaz Munduate (Donostia, 1978), auzitegian hartu ondoren. Frantziako Poliziak 11:45ak aldera atxilotu du Hendaian, kalean. Atxiloketaren unean emaztearekin eta haurrarekin zegoela Imaz. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atzemateko euroagindua emana zuen.
Epaileak baldintzak jarri dizkio: astean bitan Hendaiako polizia etxera joan beharko du sinatzera Imazek, eta bihar berriro joan beharko du haren aitzinera, Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak esan duenez.
Polizia iturrien arabera, ETAren komando bateko kide izan zen, erakunde armatuaren Zutabe aldizkarian parte hartu izan du, eta gaur egun ETAren talde politikoko partaidea da.
Imazek bizimodu publikoa egiten du Urruñan, ezker abertzaleak arratsaldean ohar baten bidez esan duenez. Poliziak esan du 2007an egin zuela ihes, eta duela hilabete batzuk arte Irlandan bizi izan zela. 2010ean "terrorista" bilatuenen zerrendan sartu zuen.
Elkarretaratzea gaur Hendaian
Atxiloketa salatzeko, gaur 19:00etan elkarretaratze bat egin dute Hendaian, Casino zaharrean.
Ezker abertzaleak esan du "gatazka politikoa era elkarrizketatu eta demokratiko batean konpontzeko Espainiako eta Frantziako estatuek duten borondate ezaren azken adibidea" dela atxiloketa. "Bide errepresiboak baztertu egin behar dira lehenbailehen, elkarrizketaren aldeko jarrerak behar direlako, ez atxiloketa gehiagorik, sufrimendu besterik ez dutelako eragiten".