Atxiloketa

Paueko kartzelan sartu dute Josune Arriaga

Auzitegiak ostiralean aztertuko du haren kontrako nazioarteko agindua. Frantziako Poliziak atzo atxilotu zuen, Bidarrain.

2007ko azaroaren 27a
19:42
Entzun
Josune Arriaga Martinez Paueko (Frantzia) kartzelan sartu du gaur epaileak. Atzo atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bidarrain (Nafarroa Beherea), 80ko hamarkadan ETArekin zerikusia izan zuelakoan. Espainiako Gobernuak bi aldiz eskatua zuen hura Espainiaratzea. Ostiral honetan aztertuko du Paueko Auzitegiak haren kontrako nazioarteko agindua.

Duela zazpi urte ere atzeman zuen Frantziako Poliziak Arriaga, baina aske utzi zuen, Espainiak leporatzen zizkion ustezko delituak baliogabetuak zeudelako ordurako.

Poliziak lehengo astean Pedro Mari Goikoetxea eta Kontxi Iglesias ere atzeman zituen (Lapurdin biak), nazioarteko aginduagatik. Biak behin-behinean libre utzi zituen, euroagindua aztertu artean. Hain justu, ostiral honetan aztertuko dute agindu hori, Pauen.

Frantziako Poliziak atzo Jerome Sanchez ere atxilotu du zuen, Urepelen (Nafarroa Beherea). Askatasunak zioenez, atxiloketa "irailaren amaieran Lapurdi eta Nafarroa Beherean emandako polizia operazioarekin lotua dago". Hainbat lagun atzeman zituzten orduan, Alain Ducasse sukaldariaren kontrako jatetxearen kontrako erasoekin zerikusia zutelakoan. Gaur ez da berririk egon Sanchezi buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.