Paul Bilbao (Kontseilua): "Gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan eta euskalgintza garaikidean Txillardegi gidari izan dugu milaka eta milaka euskaltzalek. Euskara ikasi, irakatsi, euskarazko literaturaren berritzaile, euskara batua sustatu, euskal soziolinguistika aldarrikatu eta ekarpenez hornitu, eta nola ez, euskalgintzan aktiboki jardun... Horiek guztiak jorratu izan ditu Txillardegik bizitzan zehar, eta horrek erakusten digu euskara eta euskararen etorkizuna izan dituela bidaide. Zailtasunak zailtasun eta diskurtso ofizialari aurre egin behar bazion ere, berak jakin izan du euskararen beharretatik hitz egiten".
Patxi Zabaleta (Aralarreko koordinatzaile nagusia): "Ezker abertzalearen aitzindari, euskararen hizkuntzalaritzan bultzatzaile, eta euskal literaturan berritzaile eta ekarpen handiak egindakoa da".
Miren Azkarate (euskaltzaina): "Beste batzuekin batera, euskara batuaren bideetatik hasteko hauspoa, akuilua, erronka eman zioten Euskaltzaindiari 60ko hamarkadan. Euskara batuaren defendatzaile sutsua izan zen. Euskararen klasikoak irakurri eta euskarak bere-bereak dituen legeak gordetzeko eta guztiok batera jarraitzeko ahalegina egin zuen".
Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia): "Jose Luis gizon zuzena izan da politikan, eta bere momentuan, garai latz horietan, ETAren sorreran parte hartu zuen, uste zuelako hura zela diktadurari aurre egiteko modu bakarra. Ausardia handia erakutsi zuen; bere ideologia duintasunez defendatu zuen".
Mari Jose Olaziregi (idazle eta kritikaria): "Euskal nobelari ekarri zion berrikuntza aipatuko nuke. Berrikuntza formala eta hizkuntzari dagokiona egin zuen. Genero batzuetan, saiakeran eta nobelan, bere ekarpena dudaezina da. Gure literaturgintza europar moldeetara egokitzeko ahalegina nabarmenduko nuke. Konpromisoa ere bai. Intelektual organiko baten aurrean gaude. Idatzi egiten zuen, gero adierazi eta zabaldu bere lan hori. Bere ikasle izan nintzen, eta eskoletan hustu egiten zen. Erabat errespetatu eta mirestekoa da Txillardegik egindako lana. Leturiaren egunkari ezkutua mugarri izan zen gure nobelaren egiteko moldeak berritu zituelako. Existentzialismoaren gaia garai hartan euskal irakurleek zituzten beharretara egokitzen jakin zuen. Idazteko molde berriak ekarri zituen, eta estandar literarioetan hasi ginen, behingoz, gure literatura baloratzen eta irakurtzen. Nobela mugarria da, eta oraindik gosez irakurtzen dena. Klasiko bat".
Lurdes Auzmendi (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea): "Zalantzarik gabe euskara batuaren aldeko defendatzaile eta langile sutsua izan zen bere garaian. Eta euskararen aurrerapausoetan, soziolinguistika alorrean egindako lanak gogoan izan beharrekoak ditugu".