Bake prozesuaren egoera, oztopoak eta urratsak jorratu ditu, besteak beste, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak. Epeei dagokienez, esan du "pazientzia" izatea komeni dela: "Irlandan, adibidez, ikusi da denbora epe oso luzeak behar izaten direla aurrera egiteko". Gogorarazi du 2011n jakinarazi zuela ETAk jardun armatua behin betiko amaitzeko erabakia, eta, "gauza gutxi gertatu direla irudi duen arren", oroitarazi du bi urteko epean, besteak beste, Sortu legeztatu dutela eta Parot doktrina indargabetu dutela.
Riosek adierazi du bake prozesua izan badela, nahiz eta estatuak ETArekin negoziatzera ez eseri: "Bake prozesu batean gaude, non alde biko harremanak ez diren modu klasikoan gertatzen". Alde horretatik, Madrilen jarrera kritikatu du: "Gaiak berarekin zerikusirik izango ez balu bezala ari da jokatzen. Arduragabekeria handia da hori".
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren parte hartzerik gabe ere prozesuak aurrera egin dezakeela uste du Riosek, eta nabarmendu du euskal gizarteak prozesuaren protagonista izan behar duela. Halaber, argudiatu du presoek "funtzio oso garrantzitsua" dutela prozesuan.
BERRIAk bihar argitaratuko du osorik Riosi eginiko elkarrizketa.