Santiago Pedraz epailea Gernika-Lumora (Bizkaia) etorriko da euskal arrantzaleei deklarazioa hartzeko, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hala eskatuta. Heldu den asteartean (azaroaren 24a) etorriko da. Pedrazek, bahiketa gertatu zen unearen inguruko xehetasunak galdetuko dizkie. Jesus Alonso auziaz arduratutako fiskala ere bertan izango da.
Iturri juridikoen arabera, deklarazio luzeak izango dira. Madrilen preso dauden bi piraten argazkiak ere erakutsiko dizkie arrantzaleei, ezagutzen dituzten jakiteko.
Pasa den asteazkenean, Fiskaltzak bahituta egon diren marinelak identifikatu eta aurkitzeko eskatu zion Pedrazi, 'Alakrana'-ren bahiketagatik irekitako ikerketaren barrenean.
Galiziako arrantzaleek ere deklaratuko dute epaile horren aurrean. Vigon (Galizia) izango da, euskal herritarrek egin eta hurrengo egunean.
Iritsi dira Seychelle uharteetara
Alakrana Bermeoko atunontziko (Bizkaia) tripulazioa gaur goizean heldu da Seychelle uharteetara, Victoriako portura -7:30ak ziren han, 4:30ak Euskal Herrian-, asteartean Indiako Ozeanoan aske geratu ondotik. Itsasoan Espainiako armadako bi ontzik babestuta egon dira harrezkero. Aurki hartuko dute armadaren hegazkina etxera itzultzeko. Tripulazioko 36 kideetatik zazpi, euskal herritarrak dira, eta bihar leudeke hemen.
Beste zortzi arrantzale Galiziakoak dira, eta horien senideak gaur zain zeuzkaten Seychelleetan. Euskal herritarren familiako kideak ez dira joan hara, uko egin diote-eta gobernuaren gonbiteari, honek bahiketan izandako jokabidea salatu egin dutelako. Euskal arrantzaleek Madrilen izango dituzte zain etxekoak.
47 egun egin zituen Alakrana-k piratek bahituta eta, zabaldu denez, 2,7 milioi euro ordaindu ditu erreskateagatik Espainiako Gobernuak.
Ricardo Blach ontziko patroiak gaur berretsi du piratek "gaizki tratatu" dituztela.
alakrana-ren bahiketa
Pedraz epailea Gernikara etorriko da euskal arrantzaleei deklarazioa hartzeko
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatu dio arrantzaleei deklarazioa hartzeko. 'Alakrana' Bermeoko atunontziko kideak goizean heldu dira Seychelle uharteetara, eta laster hartuko dute hegazkina etxera itzultzeko. 47 egun zituzten Indiako Ozeanoan bahituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu