Politika

Pedraz epaileak libre utzi du 'Otaola auziagatik' deklaratu duen lizartzarra

Festetan alkateari ustez mehatxuak egiteagatik deklaratu du gaur Pello Olanok Madrilen. Fiskalak hura astero epaitegira azaltzeko eskatu du.

2007ko azaroaren 20a
18:32
Entzun
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe libre utzi du gaur, Madrilen, Pello Olano Lizartzako (Gipuzkoa) bizilaguna, Jesus Alonso fiskalak honentzat neurriak eskatu arren Regina Otaola (PP) herriko alkateari ustez herio mehatxuak egiteagatik festetan. Fiskalak lizartzarra astero epaitegira joateko eskaera egin du, baita Espainiako Estatutik irtetea galaraztea ere. Pedrazek ez du aintzat hartu ezer, "Olanok egindakoa ez delako larria eta honek ihes egiteko arriskurik ez dagoelako".

Tolosako (Gipuzkoa) epaitegiak kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea erabaki zuen irailaren 14an, ustezko mehatxuek "indarkeria kutsua" zutelako, eta gaur han izan da Olano, deklaratzen.

Irailaren 7an, festak hasi ziren egunean, istiluak izan ziren Lizartzan. Izan ere, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ezartzea erabaki zuen Otaola alkateak. Herritarrek protesta artean jaso zuten erabakia, eta udaletxe parean elkarretaratzea egin zuten banderak ezartzen hasi behar zuten unean, Geurea ikurrina zioen pankarta bat zutela. Ertzaintzaren iturrien arabera, Olanok Otaolari "herio mehatxua" egin zion, eta beste bi lizartzarrek PPko zinegotziak iraindu egin zituzten. Hiru lizartzarren aurka salaketa jarri zuen Otaolak.

Ertzaintzak bi pertsonaren aurkako diligentziak zabaldu zituen orduan. Olanoren kontra, ustez Otaolari heriotza mehatxua egiteagatik eta, beste baten kontra, kartel batean alkatearen aurkako mezuak eraman zituelakoan.

EAE-ANV joan den maiatzeko hauteskundeetan baliogabetu egin zutelako da PPren kidea Lizartzako alkatea. Batasunaren ustez, "Alderdien Legearen emaitza dira" bai PPk Lizartzan egin duen "sarraldia" eta baita salaketa Auzitegi Nazionalera eramatea ere. "Faxismoa iritsi da Lizartzara, eta faxismoa ari da momentu honetan herri borondatearen aurka agintzen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.