Pedrazen oporraldia baliatu du Garzonek bi euskal preso espetxean mantentzeko

David Pla eta Aitor Lorente presoek ihes egin dezaketela ondorioztatuta hartu du erabakia

ERREDAKZIOA IRUñEA
2006ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
David Pla eta Aitor Lorente euskal presoak espetxean mantentzea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Sei urteko espetxe zigorra beteta, atzo atera behar zuten espetxetik, baina askatasuna ihes egiteko erabil dezaketela ondorioztatu zuen Garzonek. Hala, auto bat atera zuen epaileak, eta espetxeraturik mantentzea «erabakirik egokiena» dela esan zuen.

Kasu horretaz, berez, Santiago Pedraz epailea arduratzen da, eta Pedrazek bi presoen aurkako auzibidea abiatzeari uko egin zion uztailaren 14an kaleratutako autoan.

Fiskalaren eskariz, PPko senatari Manuel Gimenez Abaden hilketari buruzko sumarioa ireki zuen berriz Pedrazek, baina kasua aztertuta ondorioztatu zuen ez zegoela nahikoa zantzu Pla eta Lorente auzipetzeko eta espetxean mantentzeko. Fiskalak erabakiari helegitea jarri zion, eta helegite horri erantzun zion Garzonek atzo. Pedrazek hartutako erabakia atzera bota zuen, hura oporretan zela baliatuta, eta bi presoak inputatu zituen.

Ainara Esteran eta Nerea Garaizar ere inputatu ditu. Hala ere, bi horien kasuan Garzonen erabakiak ez du berehalako ondoriorik izango. Esteran preso dago Espainian, eta Garaizar Frantzian, baina biek oraindik espetxean jarraitu behar dute, ezarritako zigorrak ez baitituzte agortu.

Garzonen iritziz, nahikoa zantzu dago esateko Pla, Lorente, Esteran eta Garaizar izan zirela ETAri Gimenez Abaden aurkako atentatua prestatzeko informazioa pasa ziotenak. 2001eko maiatzean egin zuen ETAk atentatua, Zaragozan (Espainia).

Hain zuzen ere, ordurako, Plak eta Lorentek urtebete zeramaten espetxean, eta hori da Pedrazek haien aurka ekiteari uko egiteko arrazoietako bat. Izan ere, fiskalak dio Plak eta Lorentek Gimenez Abaden ohiturei eta ibilbideei buruzko informazioa pasatu ziotela ETAri, eta horri esker egin zuela atentatua. Pedrazen aburuz, urtebete espetxean egonda, haiek Gimenez Abaden ohiturei buruz emandako informazioa zaharkitua egongo litzateke atentatua egiterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.