OTSOA EUSKAL HERRIAN

Pedro Lopez: «Zenbat eta non, hori da otsoaren auzian gako nagusia»

Untzagako abeltzainaren ustez, «ezinezkoa» da otsoa eta ardia batera bizitzea mendian

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Pedro Lopezek ezin du otsoari buruz hitz egin bere artaldea gogora ekarri gabe. Untzagako abeltzaina eta EHNE sindikatuko kidea da Lopez arabarra. Duela hamasei urte izan zuen Untzagako abeltzainak inoizko erasorik bortitzena. «Gau batean 38 ardi galdu nituen». Egun hartan artaldea artzakurrekin babesteko erabakia hartu zuen abeltzainak.

Hamalau artzakur ditu Lopezek, eta 800 ardi. Arabako Foru Aldundiak diru laguntza eman dio Lopezi txakurrak erosteko. Otsoak akabatutako ardiak ere ordaintzen dizkio Aldundiak. Urtean dozena bat inguru galtzen ditu. Iaz, Araban, 280 ardi hil zituen otsoak. Mario Saenz de Buruagaren Baliabide Naturalen Aholkularitza enpresa da, hain zuzen ere, otsoen erasoak aztertu, eta diru laguntzak bideratzeko txostena egiten duena.Neurri horiek ontzat eman ditu Lopezek, baina ez dago kontent Arabako Foru Aldundiaren jarrerarekin. «Gehiago egin zezakeen. Abeltzaintza arriskuan dago. Araban diru laguntza jasotzen dugu hildako ardiengatik, baina Bizkaian ezta hori ere».Uxaldiak egiteko erraztasunak eskertu dizkio, hala ere, abeltzainak Aldundiari. «Bakar bat debekatu digu, elurra zegoelako». Elurra egonda ere uxaldiak egin izan direla Araban salatu du, ordea, Euskadiko Otso Taldeko Jorge Etxegaraik. «1987tik 2000ra bitarte, 36-40 otso inguru hil dituzte Araban. Miraria da otso talde ugaltzaileak egotea, jazarpena handia baita».Saenz de Buruagak gaineratu du, hala ere, azken urtean nabarmen behera egin dutela uxaldiek, artzakurrei esker. Abeltzain guztiek, dena den, ez dituzte artzakurrak nahi haien artaldeen ondoan. «Ez da batere erosoa, txakurrei jatekoa ematera joan behar baituzu egunero», azaldu du Pedro Lopezek.«Abeltzainak ez baitira artzain, hori da kontua; eta bakarrik dagoen artaldea harrapakin erraza da otsoarentzat», azpimarratu du Etxegaraik.Lopez ez dator bat iritzi horrekin. «Aspaldi bezala ibiltzea nahi dute. Goizeko seietan esnatzen naiz ni, eta gaueko hamaiketan lanean naiz oraindik ere». Egun, artaldea mendira eramatea «ezinezkoa» dela gaineratu du abeltzainak, eta ardiek gero eta denbora gehiago ematen dutela etxolan.«Bateraezinak dira abeltzaintza eta otsoa», nabarmendu du Lopezek. Zehaztu du, hala ere, otsoa desager dadin ez duela nahi: «Ez da hori nire asmoa, baina nik ere ez dut desagertu nahi. Otsoa bai, baina zenbat eta non? Hori da kontua; hori da auzi honen gako nagusia». Otsoari mugak jartzea, ordea, ez dirudi lan erraza.

Iritzi kontrajarriak

Bere bizimodua arriskuan ikusten du Pedro Lopezek. Gero eta artalde gutxiago dagoela nabarmendu du. «Garai batean 6.000 ardi inguru biltzen genituen mendian; iaz, milara ere ez ginen iritsi». Egoera «kezkagarritzat» jo du abeltzainak, eta jende askok ez duela haren eta gainontzeko abeltzainen jarrera ulertzen uste du: «Jendea ez da egoeraren larritasunaz jabetzen. Kontuz ibil daitezela Nafarroan, gertu baitute otsoa».

Etxegaraik otsoa ikusten du, neurri batean, arriskuan. «Jazarpena handia da. Edozein egunetan, edozein egoeratan harrapa daiteke otsoa Euskal Herrian». Bat egiten du iritzi horrekin Saenz de Buruagak, baina, arazoak arazo, otsoaren egoera ez dela txarra uste du. «Uxaldiak ozen salatzen dituzte askok; ni biologoa naiz eta ez zait otso bat hilda ikustea gustatzen, baina gehiago kezkatzen nau ehiztari bat zortzi eper gorrirekin ikusteak. Uxaldiak uxaldi, goranzko joera du otsoaren populazioak hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.