Euskal presoak

Peio Serbielle eta beste hiru auzipeturen kontrako epaiketa, hamalau urte geroago

Hamahiru urte berantago inkesta bururatu dela eta epaituko dituztela jakinarazi diete Peio Serbielle kantariari, Robert eta Didier Arricauri eta Maryse Lavieri. 2004an jarri zituzten lauak akusaziopean, Mikel Albisu eta Soledad Iparragirre ETAko buruen atxiloketen operazio berean. Jean-François Lefort auzigabetu dute

Peio Serbielle musikaria. AURORE LUCAS
Nora Arbelbide Lete.
2017ko abenduaren 19a
11:24
Entzun

"Harrigarria da", Jean-François Blanco Peio Serbiellen abokatuak hitz hauekin esplikatu du lau auzipetuek jaso duten gutuan. 2004ko polizia operazio batean atxilotu ondoren, preso atxiki ondoren –Peio Serbiellek berak 16 hilabete pasa zituen preso–, inkesta bururatua dela eta dosierra Pariseko delituen auzitegian 2018ko azaro bukaeran epaituko dutela dioen gutuna errezibitu dute akusaziopean dauden lau pertsonek. Itxura guztien arabera auzia heldu den urteko udazkenean da iraganen, helburu terroristadun gaizkile taldeko kide" izatearen akusaziopean.

Auzia, beraz,  2004ko polizia operaziotik hamalau urtera da iraganen. "Disfuntzio" baten adierazle dela deritzo Blancok, aintzat hartuz 2010an zituztela epaitu Soledad Iparragirre eta Mikel Albisu, besteak beste, Pariseko Asisetan. Dosierreko alde kriminala zen epaitu orduan, ETAko kide izateagatik edota zuloak babestu izanagatik. 2010an, hortaz, duela 7 urte. "Anitzez pisua delarik dosierra", beti Blancoren hitzetan.

Oraingo lau auzipetuak ETAko kideak aterpetu izana edo garraiatu izanaz akusatzen dituzte. Blancok gaineratu du 2004tik ez dela elementu berririk agertu. Lehen egunetik beti berak direla: "Horrek ere egiten du luzetasun hori harrigarri". Serbiellei leporatzen diote ETAko zuzendaritzako bilkurak bere etxen iragaiteko aukera eman izana. "Hori jadanik jakina zen 2004an. Gero, eztabaida da ea hura jakinean zen ala ez. Hark dio ez zekiela ETAko buruak zirela. Harentzat errefuxiatuak zirela".

Blancok berak prozedura "deuseztatzea" eskatuko du, "zentzuzko epea  ez errespetatu izanagatik". Serbielle bera baldintzapean askatu zuten 2006an. Eta duela bizpahiru urte arte astero polizia etxera joan beharra zuen. "Onartezina da horrenbeste luzaz beha atxiki izana. Peioren bizia parentesien artean egon da. Damoklesen ezpata batekin bizitzera behartu dute. Mehatxupean". 

 

Jean-François Lefort auzigabetua

Afera berean  Jean-François Lefort Lof  ere atxilotu zuten. Urtea preso atxiki zuten. Aldiz, twitterren jakinarazi duenez auzigabetu dute: “Parisen inputatua nengoen dozierran xuritu naute. Urte bat preso eta beste 13 kontrol judizialan atxiki naute, lotsagarria ! Enekin atxilotu zituzten beste 4 lagunak auziperatuko dituzte, elkartasuna !"

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.