Ustelkeria salaketa Nafarroako Kutxan

Pejenautek dimisioa eman du, Kontuz taldeak 180.000 euro zuritu zituela salatu ondoren

Jesus Pejenaute Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren aurkako ustelkeria akusazioa egin du aste honetan Kontuz plataformak. 2007an Nafarroako Kutxako alor komertzialeko zuzendariorde zela dirua zuritu izana leporatu dio taldeak. "Errugabea" dela erantzun du orain arte kontseilariak, baina dimisioa ematea erabaki du gaur.

Inigo Astiz
2012ko urriaren 21a
11:27
Entzun

 Yolanda Barcina Nafarroako Presidenteari helarazitako eskutitzean dioenez, bere aurkako salaketa "faltsuek" gobernuari edo Barcinari kalte egiterik eragotzi nahi izan duelako hartu du kargua uzteko erabakia.

"Herritarrekiko arduraz utzi dut politika". Hitz horiekin arrazoitu du Jesus Pejenaute Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako Kontseilariak dimisioa. Lau hilabete ere apenas egin dituen, ekainean kargua hartu zuenetik. Izan ere, aste nahasia izan du, Kontuz plataformak haren aurka ustelkeria akusazioa aurkeztuko zuela adierazi zuenetik. 2007ko otsailean, Nafarroako Kutxako (CAN) arlo komertzialeko zuzendariorde zela, aste batean 180.000 euro zuritzeko hiru operazio agindu izana egotzi diote Kontuz taldeko kideek Pejenauteri. Bostehun euroko billeteak hartu, eta ehun eta berrehun euroko billeteen ordez trukatuta zuritu omen zuen dirua. Errugabea dela esan du politikariak beti, baina, azkenean, kargua uztea erabaki du, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari helarazitako eskutitz baten bidez jakinarazi duenez.

Ustelkeria salaketak oinarririk ez duela dio politikariak, eta errugabe dela azaldu du. Barcinari edo gobernuari kalterik ez egiteko erabaki du kargua uztea. "Alde egitea da orain egin dezakedan onena, auzitegietan nire ohorea eta osotasuna askatasun handiagoz defendatu ahal izateko". Onartu egin du dimisioa Barcinak, eta bihar sinatuko du.

Kontuz plataformaren hitzetan, Nafarroako Kutxak ere bazuen zuriketa operazioen berri, eta horregatik hori ezkutatu izana leporatu dio Enrique Goñi, Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren agindupean zen Nafarroako Kutxako zuzendaritzari. Pejenautek ere onartu du zuzendaritza billete trukearen jakitun zela, baina, dioenez, ez zen inolako deliturik izan. Ohiko bidetik egin omen zen aldaketa, eta eragiketa aztertu zuten barne organoek ere ez zuten inolako lege hausterik ikusi.
"Manipulazio" eta "faltsukeria" kanpaina baten biktima izan dela dio kontseilari oihak Barcinari helarazitako eskutitzean, eta egindako lanarekin "harro" dagoela.

Ostiralean salaketa jarri zuen Kontuz plataformaren aurka. Taldeari «kontseilari gisa egindako lanaren aurka egitea eta Nafarroako Gobernuaren izen ona zikintzea» leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.