Pello Olanori bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak, bere herriko (Lizartza, Gipuzkoa) PPko alkate Regina Otaolari "heriotza mehatxuak" egin zizkiola frogatutzat eman ondoren. Fiskaltzak eta Otaolak berak sei urteko kartzelaldia eskatzen zuten harentzat. Auzitegiak, gainera, 12.000 euroko isuna ezarri dio Lizartzako ezker abertzaleko kideari. Honen abokatu Arantza Zuluetak salatu du "batere frogarik gabe" zigortu dutela.
Epaileak ontzat jo du akusazioaren bertsioa, baina hark eskatutakoa baino zigor txikiagoa ezarri dio Olanori. Akusazioaren esanetan, 2007ko irailaren 7an, herriko festak zirela, eta Espainiako bandera udaletxeko balkoian (herrikoarekin eta ikurriñarekin batera) jartzera zihoala egin zizkion mehatxuak Olanok Otaolari. "Regina, hilko zara!" oihukatu eta eskuarekin seinalatu zuela salatu zuen 27 botoei esker alkatetza lortu zuen politikari eibartarrak. Olanok ukatu egin zuen mehatxurik egin izana. Honen esanetan, beste 30 bat lagunekin batera Otaola kanpora eta antzeko oihuak bota zituzten PP Alderdi Popularreko ordezkariaren kontra.
Espainiako auzitegiek alderdirik bozkatuena, ezker abertzalekoa, baliogabetua zuten bigarren aldiz 2007ko udal bozetan (2003koetan EAJko Joseba Egibarrek halaxe lortu zuen alkatetza), eta horri esker lortu zuen alkatetza PPk. EAE-ANVk 185 boto lortu zituen, baina zerrenda baliogabetua zegoenez, hutsean geratu ziren ofizialki. Olano EAE-ANVko herri zerrendako bigarrena zen.
PPk 27 botorekin Lizartzako alkatetza bere esku hartu zuenetik, istilu ugari egon dira herrian, eta hainbat herritar akusatu eta zigortu ere egin dituzte. Iaz, hain zuzen ere, hauteskunde erroldan dauden 505 herritarretatik 402k sinatu zuten Otaolaren dimisioa eta herriaren kudeaketa "herriaren esku" uzteko aldarrikatzen zuen eskaera.
Epaiketan akusazioaren abokatuak eta Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra, 24.000 euroko isuna eta 10 urtean Lizartzara gerturatzeko debekua eskatu zuten. Olanoren defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu zuen.
Ebazpenean epaileak mehatxu delitua egin izana egotzi dio Olanori, eta zera argudiatu du hari zigorra ezartzeko: "ETA talde terroristaren ekinbidearekin lotuta, baina taldeko kidea ez izan arren, haren helburuei ekarpena egiten die".
Politika
Pello Olanori bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak
Lizartzako PPko alkate Regina Otaolari "heriotza mehatxuak" egin izana frogatutzat jo du epaileak. Fiskaltzak eta Otaolak berak sei urteko kartzelaldia eskatzen zuten harentzat. Abokatuak salatu du "frogarik gabe" zigortu dutela Olano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu