«Desegokiak dira Espainiako Gobernuak osasun arloan egin dituen murrizketak. Gutxien daukagunoi egiten digu kalte gehien,eta haserre gaude». Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko pentsiodunen elkarteek bidegabeko jo dituzte PPren gobernuak joan den astean harturiko erabakiak. Ana Mato Espainiako Osasun ministroak jakinarazi zuen adineko pertsonak sendagaiak ordaintzen hasiko direla eta langileek sendagaien zenbatekoaren erdia ordainduko dutela —norberaren errentaren araberakoa izango da botikaren prezioa—. Pentsiodunen elkarteek salatu dute erretiroa hartuta dauden gehienek ez dutela aukerarik izango duintasunez bizitzeko.
Batetik, gogorarazi dute Euskal Herrian bizi diren adinekoen erdiek 800 euro baino gutxiagoko errenta jasotzen dutela hilabetean. Eta, bestetik, orain arteko murrizketak nahikoa ez —janaria, argia, gasa...— eta sendagaiena gehituta pobrezia bultzatzen ari direla. «Gobernuaren aitzakia da osasun arloan murrizketak egitea beharrezkoa dela, baina ahaztu egin zaie pentsiodunok garela osasun sistema modu solidarioan mantentzen dugunak». Matoren arabera, 7.000 milioi euro murrizteko asmoz harturiko erabakia da.
Gobernuak ez du asmorik, oraingoz, mediku kontsultengatik, ebakuntzengatik, erietxeetan gauak igarotzeagatik eta ospitaleetako janariarengatik kobratzen hasteko. Bai, ordea, sendagaien berrordainketa ezartzeko. Botikarik ez dute ordaindu, orain arte, erretiroa hartuta daudenek; aurrerantzean ez da hala izango. «Lotsagabekeria iruditzen zaigu pentsiodunok jotzea osasun sistemako egoera ekonomikoaren errudun. Non geratzen dira botika industriak eta halakoak? Berriz ere sektorerik ahulenari eragiten dio gehien erabakiak». Euskal Herrian zein Espainian osasun arloan egiten den gastua Europako batez bestekoa baino txikiagoa da.
«Pentsiodunok osasun zerbitzuen laguntza behar dugu, gaixotasun gehien guk izaten dugulako. Gaixoak zigortu besterik ez ditu egingo erabaki txar honek. Adineko pertsonak gure bizitzaren kontrola galtzen ari gara». Gobernuaren erabakiari protesta egiteko, pentsiodunen elkarteek elkarretaratzeak iragarri dituzte datorren ostiralerako. Iruñeko, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udaletxeen aurrean egingo dira elkarretaratzeak, 12:00etan.
Oraindik zehazteko dago noiz jarriko den martxan osasun sistema berria, baina Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun jakinarazi zuen urtea bukatu baino lehen abiatzea ez dela erraza izango: «Halako sistema bat ezartzea ikaragarri zaila da ikuspuntu teknikotik; beraz, aurten martxan jartzea zaila izango da».
Sistemari dagokionez, gobernuak harturiko erabakia ez zaio gustatu Bengoari: «Gaixo kronikoak eta pentsiodunak aintzat hartuta, ez da egokia erabakia. Ez ditu osasun sistemako arazoak konponduko». Sailburuaren arabera, osasun txartel elektronikoa prest izango da urtebete barru eta errezeta elektronikoa, berriz, legealdia amaitu baino lehen. Azken horren probako saio bat egingo dute datorren hilean.
Zelaa, Espainiarekin haserre
Pentsiodunak eta Bengoa bezala, Nafarroako Parlamentuko bozeramaile batzordea ere kexu azaldu da Espainiako Gobernuak osasun sisteman harturiko erabakiarekin. PSNk, Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak adierazi dute sistema baztertzearen alde daudela. Alegia, pentsiodunek botikagatik ez ordaintzearen alde.
Bestalde, Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua haserre agertu da Espainiako Gobernuarekin. Izan ere, osasun zein hezkuntza arloan autonomia erkidegoarenak dira eskumenak, eta Espainiak esku hartu du erkidegoetan, murrizketak aginduz. «Behar baldin bada, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dugu», esan du Zelaak.
Pentsiodunak, botikak berrordaintzearen aurka
Espainiak hezkuntza eta osasun arloan harturiko erabakiak baztertu egingo ditu Nafarroako Parlamentuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu