ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deialdi bateratua egin dute martxoaren 8rako. Murrizketen aurrean, emakume, piztu borroka! lelopean, Espainiako Gobernuak egindako pentsioen erreforma gaitzetsiko dute. «Lan erreforma inposatu eta atzerakoi baten ondoren, parlamentuan Itun Sozial Ekonomikoa tramitatzen ari dira, pentsioen erreforma gauzatzeko. Itun horrek onargarria dena gainditu du», salatu du Jone Bengoetxea ELA sindikatuko emakumearen alorreko buruak. Hala, erreformak emakumeak gehiago pobretuko dituela salatu dute.
Emakumeen pentsioak gizonenak baino «askoz urriagoak» direla gogoratu du Bengoetxeak, «bizitzako gainontzeko esparruetan bezala lan merkatuan ere bigarren mailako tokian» daudelako. Hori «lanaren zatiketa sexualaren ondorio» dela ohartarazi du.Pentsioen erreformarekin, gainera, egoera are gehiago okertuko dela dio: «Emakume askori eragotzi egingo dio pentsioa jasotzeko eskubidea, edo izatekotan ordain barregarria eskainiko dio». Erreformarekin, 67 urte eduki arte lan egin nahi ezean, 65 urterekin erretiroa hartzeko 38,5 urte kotizatu beharko dira. Erretiro aurreratua eskatzeko 33 urteko kotizazio aldia osatu beharko da. Pentsioaren %100 kobratzeko 37 urtez kotizatu beharko da. Bengoetxearen esanetan, lanaldi partzialean diharduten emakumeek, aldi baterako kontratuz ari direnek, pertsonak zaintzen ibili direlako kotizazio aldian hutsarteak dituztenek eta ezkutuko ekonomian ari direnek ez dituzte baldintza horiek beteko.
Oinarri arautzailea kalkulatzeko urte kopurua ere 15 urtetik 25 urtera igo dute. Bengoetxearen esanetan, horrek pentsioa batez beste %10 murriztea dakar. «Areago, 25 urtez kotizatu ez dutenek, gehienbat emakumeak, pentsio miserableak jasoko dituzte, bizimodu autonomo eta duina egiteko erabat eskasak».
Arreta berezia jarri nahi izan dute etxeko langileen kolektiboarengan. Pentsioa jasotzeko gutxieneko eskubiderik ez dutela gogoratu du Bengoetxeak, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorretik kanpo daudelako. «Legea oraindik onartu gabe dagoen arren, adostutako akordioaren arabera, beste aukera bat galdu dute erregimen horretan eskubide osoz sartzeko», salatu du.
«Oldarraldi neoliberaltzat» jo du EILASeko Ana Perezek gaur egungo egoera, eta batez ere emakumeek sufritzen dutela dio. «Behin eta berriz entzun den arren emakumeek ez dituztela krisiaren ondorioak hainbeste sufritzen, ez da egia», dio. Zuzenean lanpostua galdu ez duten emakumeek bikotekidearen lanpostu galera bizi dutela azaldu du. «Eta egoera horretatik irteteko emakumeak gara lanpostu prekarioenak onartzen ditugunak». Krisiaren aitzakian gizarte zerbitzu publikoak desegiten ari direla ere salatu du. «Horien ordezko lana ere emakumeok egin beharko dugu etxean. Gainera, emakumeak dira gizarte zerbitzuetako langile gehienak».
Berdintasun politikak
Egoera aldatzeko Lan Harremanen eta Gizarte Babeserako euskal esparruaren beharra aldarrikatu du LAB sindikatuko Zaloa Ibeasek. «Lanpostu duina bermatzea eskatzen dugu, benetako berdintasunerako politikak garatzea, eta lana eta familia uztartzeko politiketan urrats bat gehiago eginez erantzunkidetasunaren aldeko apustua», aldarrikatu du.
Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak emakumeek jaso dituztela diote. «Lan merkatutik sartu eta irtete horiek eragin zuzena dute enpresak egiten duen irakurketan», ohartarazi du. Horregatik, gizonezkoek eta emakumezkoek izango dituzten baimenak berdinak izan beharko liratekeela uste du, eta biak hartzera derrigortuta egon beharko liratekeela. Berdintasun politikak lan hitzarmenen parte izan behar dutela iruditzen zaio.
Aipatutako helburu horiek guztiak lortu nahi badira lanpostuetan zein kalean mobilizatzeko beharra dagoela ohartarazi dute sindikatuetako ordezkariek: «Gizarte eragileekin aliantzak egitea ezinbestekoa dela uste dugu; batez ere, mugimendu feministarekin». Horregatik, martxoaren 8an, 12:00etan, bost sindikatuok Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten batzar etamanifestazioetan ez ezik, mugimendu feministak antolatuta egingo direnetan ere parte hartzera deitu dute.
Pentsioen erreformak andreak gehiago pobretuko dituela salatuko dute
Gehiengo sindikalak Espainiako Gobernuak «inposatutako neurrien aurka» mobilizatzera deitu ditu emakumeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu