Epaileak dio ez dagoela zantzurik Patri Perales Iruñeko Bilduko zinegotziak ekintza horretan parte hartu zuela frogatzeko. Epaileak auzipetu egin zuen, baina deklaratu ondoren inputazioa kendu zion. Deliturik ez zioten leporatu. Perales urrian izan zen deklaratzen epailearen aurrean, eta Bilduko, Aralar-NaBaiko eta Sortuko hainbat ordezkarik babestu zuten. Poliziak, gainera, sei lagun atxilotu zituen ikurrina jartzea leporatuta. Aske utzi zituzten ondoren.
UPNk aukera probestu zuen orduko horretan, eta mozio bat aurkeztu zuen udalean Peralesek uztailaren 6ko gertaeretan bere parte hartzea argitu dezan. UPNko Ana Elizalderen arabera, egun hartan iruindarrei "irain larria" egin zitzaien. "Legeari izkin" egin nahi dietenen aurrean udalak "iruindarren defentsa" egin behar duela dio.
"Egonezina txupinazoan"
Epailearen arabera, argi dago ikurrina eskegi izanak "egonezina eragin zuela". "Txupinazoaren historian horrelako atzerapenik inoiz egon ez izanak eta jaiek iruindarrentzat zein bisitarientzat duten garrantziak juridikoki frogatzen dute ez dagoela zalantzarik larritasunaren inguruan". Autoan, epaileak gaineratu du bandera hori zintzilikatzeak ezinbestean atzeratu zuela txupinazoa eta horren jakitun izan behar zutela atxilotuek.
Instrukzioan atxilotuen aurkako zantzu ugari bildu direla dio epaileak. Alde batetik, atxiloketan hartutako telefonoak eta elkarren arteko deiak aipatzen ditu. Bestetik, atxilotu baten hatz markak dituztela dio, eta polizia zientifikoak biren DNA aztarnak dituela. "Kriminalitate zantzu arrazionalak eztabaidaezinak dira". Amaieran, bermerik ordaindu gabe, seiak behin-behinean aske uzteko agindua eman zuen.