Perez Esquivel: «Gatazka konpontzeko une historikoa da»

Nobel saridunak dio alderdi guztiek izan behar dutela EAEko bozetan parte hartzeko aukera

LUIS KARLOS GARCIA - BUENOS AIRES
BERR
2005eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Adolfo Perez Esquivelen ustez, «Euskal Herriko gatazka konpondu ahal izateko une historikoa da». Bakearen Nobel Sariaren irabazleak «sinesgarritasunaren aldeko keinu jakinak» eskatu dizkie alde guztiei, «eta ez soilik ETAri». Perez Esquivelek Euskal Herriko kazetari zenbait hartu zituen herenegun Buenos Airesen, Berria tartean zela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetaren ekimenez eratutako topaketan.

Perez Esquivelek urteak daramatza giza eskubideen aldeko lanean eta Nobel Saria jaso zuen horregatik 1980an. Gainera, bitartekari lanak egin zituen ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean. 1995ean hasi zuen bitartekari lan hori, eta horretan jardun zuen Felipe Gonzalezek Espainiako Gobernua utzi arte.Nobel saridun argentinarrak gogora ekarri zuen Euskal Herriarekiko «elkartasun sentipen bati jarraiki» Ðaitona euskalduna izan zuenÐ egin zuela lan hori. Euskal presoak Euskal Herriratzea zein haien senideen sufrimendua arintzea eta, bestalde, ETA erakunde armatuaren su-etena lortzea helburu nagusiak zirela gogorarazi zuen. «Oztopo dezente» topatu zituen, ordea.Gaur egun, baina, «elkarrizketak bidea egiteko abagunea» dagoela uste du. Itxaropentsu agertu zen Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarreraren inguruan: «Zapatero elkarrizketarako zabalik dago».Hala ere, apirilaren 17ko EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi politiko guztiek parte hartu beharko luketela aldarrikatu zuen. «Espainiako Gobernuak bermatu beharko luke herriaren eskubidea bozetan aritu ahal izateko», esan zuen. «Esparrua zabaldu beharra dago den-denek boza emateko eskubidea betetze aldera».

Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmena begi onez ikusi du

Bestetik, begi onez ikusi zuen Euskal Herriko 30 eragile, alderdi eta sindikatuk izenpetutako Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmena. Perez Esquivelek itunaren berri dauka, «oro har» bada ere. «Ondo iruditzen zait gizartea elkartzen hasi eta proposamen bateratuak egitea», argitu zuen.

Era berean, EAEko Estatutu Berrirako Proposamena ere ezagutzen duela esan zuen, eta aukera berriak irekitzen dituela iruditzen zaiola: «Beste harreman mota batzuk indarrean ezartzeko aukera eman nahi du, Euskal Herriak dituen eskubideak osotasunez berreskura ditzan». Izan ere, haren ustez, «garaia da herriek izan nahi dutena erabakitzeko eskubidearen bitartez beste harreman mota batzuk indarrean ezartzeko». Iztuetak eta Perez Esquivelek bazkaria egin zuten herenegun Buenos Airesen. Sailburuaren esanetan, «herriek etorkizuna erabakitzeko duten eskubideaz» nahiz «bakean eta biolentziarik ezan oinarritutako kultura suspertu beharraz» mintzatu ziren.

-

HEGO AMERIKAKO EGOERA



«Herriak ikusle izateari utzi dio»



Luze eta zabal aritu zen Adolfo Perez Esquivel Hego Amerikako egoera politikoari buruz. Nobel saridunaren irudiko, zenbait herritako gobernuetan gertatutako aldaketek erakutsi dute «herriak ikusle izateari» utzi diola. Ezkerreko alderdiek herri batzuetako bozak irabazita, uste du litekeena dela haien artean «frontea osatzea».

«Jokalekuak aise aldatzen dira Hego Amerikan eta gobernuak ahulak izan ohi dira, baina espero dezagun aurre egin ahal izatea, herrien subiranotasuna tartean dagoelako», esan zuen. Ameriketako Estatu Batuei (AEB), berriz, Mexikotik behera «beste kolonizazio bati» ekin nahi izatea leporatu zien.Argentinaren egoera gogoan, Perez Esquivelen aburuz, krisiak islatu zuen «batzuetan estatu kolpe ekonomikoak» egiten direla. Era berean, AEBek Hugo Chavezen aurkako ekimena «finantzatu» dutela salatu zuen. Eta Brasilgo Gobernuko buru Luiz Ignacio Lula da Silva nazioarteko merkataritza erakundeen «inposaketei aurre egiteko era» bilatzen ari dela aipatu zuen. Pozik agertu zen, «erresistentzia guneak» daudela ikusirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.