Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisiologia katedraduna izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU)errektorea hurrengo lau urteetan. Unibertsitate publikoko errektorea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia egin zen atzo. Perez Iglesias bera eta Iñaki Antiguedad Zientzia eta Teknologia Fakultateko Hidrologia katedraduna izan ziren lehian, biak izan zirelako lehen itzulian boto gehien lortu zuten bi hautagaiak. Azkenean, ez zen ezusterik izan, eta Perez Iglesias izan zen garailea, argi. Boto ponderatuen %69,64 lortu zituen Fisiologia katedradunak. Antiguedadek, berriz, boto ponderatuen %30,29.
EHUko bigarren itzulian izango zen parte-hartzearen inguruan zalantza handiak zeuden, lehenengo itzuliko galtzaileek boto zuriaren edo abstentzioaren alde egingo zutela uste zelako. Atzoko emaitzei erreparatuta, unibertsitarioen parte-hartzea «handia» izan zen, Manuel Montero orain arteko EHUko errektoreak esan zuen bezala. Joan den martxoaren 24an baino unibertsitario gutxiago joan zen hautestonzietara, baina boto jaitsiera ez zen nabarmena izan. Boto zuriari dagokionez, Francisco Doñate hautagaiak hirugarren gelditu zen lehen itzulian horren alde egingo zuela esan zuen aste osoan. Azkenean, boto ponderatuen %5,5 izan ziren zuriak.Parte-hartzeari eta Antiguedadekin izandako lehiari erreparatuta, nagusitasun handiz irabazi zituen hauteskundeak Perez Iglesiasek. Lehenengo itzulian bezala, sufragio unibertsal ponderatuaren hauteskunde sistema erabili zen, hau da, funtzionario doktoreen botoek %51 balio zuten, irakasle kontratatuenek %18, ikasleenek %20 eta Administrazio eta Zerbitzuetako Plantillako (AZP) langileen botoek %11. Bada, ikasleen sektorean izan ezik, beste guztietan garaile izan zen Perez Iglesias hautagaia; alde nabarmenarekin, gainera. Ikasleen artean Antiguedadek babes handiena zeukan unibertsitarioen arloa ez zuen gailentzea lortu, baina alde handirik ez zen izan bi hautagaitzen artean, 1,2 puntuko aldea baino ez, botoen ponderazioa egin eta gero. Funtzionario doktoreen artean ia 30 puntuko aldea atera zion Perez Iglesiasek Antiguedadi, 6,5 puntuko aldea irakasle kontratatuen sektorean eta 4,3 puntukoa AZPko langileen artean.Lehen itzulian, Antiguedad garaile argia izan zen boto kopuruan, ikasleen artean lortutako babesagatik batez ere. Perez Iglesias izan zen boto gehien lortu zuen bigarren hautagaia, baina Antiguedaden botoen erdiak lortu zituen. Atzo ez zen horrelakorik gertatu, boto kopuruan ere garaile izan zelako Fisiologia katedraduna. 7.983 boto lortu zituen Perez Iglesiasek. Antiguedadek 7.206.
Bere programa ezarriko duela dio Perez Iglesiasek
Emaitzen berri jakiteko, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan bildu ziren guztiak. Lehen itzulian bezala, boto elektronikoa erabili zuten, eta hautestontziak itxi eta ordu erdira emaitzak izango zirela jakinarazi zuten. Arratsaldeko 19:30etarako guztiak zain zeuden, urduri samar. Baina Manuel Montero ez zen azaltzen. Iragarritako ordua baino ordu bat beranduago agertu zen Montero emaitzen berri ematera. «Arazo informatiko batzuengatik» atzeratu zela azaldu eta gero, emaitzen berri eman zuen.
Elkar zoriondu eta besarkatu ostean, lehen adierazpenak egin zituzten hautagai biek. Lehenengo, Antiguedadek hartu zuen hitza. «Gaur ez dugu ezer galdu; aurreko astean irabazi genuen», esan zuen. Gero, elkarlanean jarduteko eskaintza egin zion Perez Iglesiasi. «Baina bere programan gustuko ez ditugun gauzetan kritikoak izango gara», aurreratu zuen.Orain lau urte, Monterorekin izan zuen lehian bi botoren aldeagatik galdu zuela gogoratu ostean, hauteskundeak irabazi ez dituztenekin elkarlanean jarduteko borondatea agertu zuen Perez Iglesiasek. Era berean, bere programa ezarriko duela aurreratu zuen, «malgutasunez jokatuko badugu ere».
UNIBERTSITATEA
Perez Iglesias EHUko errektorea
Boto ponderatuen %69,64 lortu ditu EHUko hauteskundeen bigarren itzulian; Antiguedadek botoen %30,29 lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu