Lutxanatik Errontegiko zubira martxa egin dute Lutxanako bizilagunek. Barakaldoko auzo horretan bizi zen Solabarria, eta omendu egin nahi izan dute ezker abertzaleko kide historikoa. Amaia dantza taldeko dantzariek eta dultzaineroek lagunduta egin dute Errontegi zubiraino martxa. Bertan Solabarriaren irudiaren murala aurkeztu dute. Ekitaldian auzoko hainbat eragiletako kideek hitza hartu dute. Horren ostean, herri bazkaria egin dute.
Solabarriak berak Errontegi zubiaren eraikuntzan lan egin zuen. Bertan lanean ari zela, Espainiako Gorteetarako aukeratu zuten Herri Batasuneko hautagai gisa 1979. urtean. Hala ere, ez zuen inoiz bertako bilkuretan parte hartu.
Liburu aurkezpena
Heldu den ostegunean Solabarriari buruzko Periko gazteekin hizketan liburua aurkeztuko dute Barakaldoko San Bizente auzoko kultur etxean. Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek Solabarriarekin bi urtetan egindako elkarrizketekin osatu dute liburua. Eneko Barberena idazleak koordinatu du lana, eta Txalaparta argitaletxeak publikatuko du.