EPAITEGIAK

Perituek sinesgarritasuna eman diete auzipetuen tortura salaketei

Azken saioetan sartu da 28 gazteen kontrako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Defentsaren perituak Istanbulgo protokoloaz aritu dira.

Auzipetuak, epaitegiaren atarian. HODEI IRURETAGOIENA
Hodei Iruretagoiena
2014ko abenduaren 15a
07:28
Entzun

Torturak salatu zituzten Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazteek, eta defentsaren perituek hitz egin dute gaurko saioan. Istanbulgo protokoloaz aritu dira, eta hori oinarri, perituak sinesgarritasun erabatekoa edota altua eman diete epaiketan auzipetuen tortura salaketei. Hainbat salaketaz aritu dira, eta Ainhoa Villaverderen tortura testigantzak, esate baterako, "koherentzia maila handia" duela kontatzen duenaren eta sintomen artean.

Perituetako batek azaldu du 2000. urtean "oinarrizko erreferentziatzat" hartu zuela Nazio Batuen Erakundeak protokoloa, eta estatuei gomendatu ziela hura erabiltzea tortura salaketak aztertzeko. Protokoloaren helburuak azaldu ditu: salaketak dokumentatzea, ondorioak ebaluatzea, eta zantzu klinikoen eta salaketen arteko konkordantzia aztertzea, besteak beste.

Tortura teknikak eta horren ondorioak azaldu perituek: besteak beste, torturatuaren izaera aldatzea ekar dezakeela. Adierazi dute trauma osteko shock egoerak luze jo dezakeela, tratu txarrak jasateari utzi arren. Etorkizunean ere arrastoa uzten duela esan dute: "Gertatua oroitzeak eragindako antsietatea, klaustrofobia, depresioa, izaera aldaketa...". Fiskalaren galderekin bukatu da gaurko saioa. Bihar jarraituko du, 10:00etan, akusazioaren perituekin.

Hamabi aste

Ia hiru hilabete egin dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera joan-etorrian Segiko kide izatea egozten dieten 28 gazteek. Gaurtik aurrerakoak izango dituzte azken auzi saioak, epaiaren zain geratu aurretik. Aurreikusitakoaren arabera, ostegunean bukatuko da epaiketa, baina litekeena da asteazkenean izatea ere, epaileen eta bi aldeen martxaren arabera. Seina urteko espetxe zigor eskaera dute gainean: 168 urtekoa, denera.

Istanbulgo protokoloan oinarrituta, auzipetuek egindako tortura salaketen eta jasandako tratuak utzitako ondorioen arteko lotura azalduko dute psikologoek. Espainiako Poliziak atxilotutako 20 gazteetatik, 19k salatu zituzten torturak, eta tratu txarrak beste batek —Frantziako Poliziak atzeman zituen gainerako zortziak, eta ez zuten salaketarik egin—. Horietako batzuek parte hartu zuten joan den irailean hainbat elkartek aurkeztutako Inkomunikazioa eta tortura, Istanbulgo Protokoloan oinarritutako analisi egituratua izeneko ikerketan, eta sinesgarritasuna aitortu zieten haien salaketei.

Perituen azalpenen ondoren etorriko dira defentsaren eta akusazioen ondorioak. Argudioak emanda, behin betiko eskaerak egingo dituzte abokatu eta fiskalek. CPDT Torturaren Prebentziorako Koordinakundeko kideak eta Espainiako Kongresuko diputatuak behatzaile gisa egongo dira, eta gazteen azken hitzarekin bukatuko da ahozko epaiketa.

Segiko kide, eta, beraz, "erakunde terroristako" kide izatea da 28 gazteei egozten zaiena. Zehazki, aurreko 40en aurkako operazioaren ondoren zuzendaritza berria osatzea; haien hutsunean betetzea. Auzitegi Nazionalak berak esana duenean 40 haiek ez zirela Segiko kide. Hala ere, antzerakoak izan dira epaiketan akusazioek emandako argudioak, eta aurreko auziko gazteen deklarazioak erabiltzen jarraitu dute oraingoen aurka egiteko.2009an 40 gazteen aurkako operazioa bezala, Fernando Grande-Marlaska instrukzio epaileak agindu zuen 2010ean 28en kontrakoa ere. Ez aurreko auzian, ezta oraingoan ere, ez dago indarkeriazko ekintzarik epaigai. Orain, zigor sala da kasik aldatzen den bakarra: Angela Murillo buru duen epaimahaiak ebatzi beharko du zilegitasunik aitortzen dien inkomunikazio aldiko deklarazioei, eta noraino luzatzen duen "dena da ETA" teoriaren itzala.

Madrilera joateko deia

Azken auzi saioekin, operazioa hasi zenetik lau urte ingurura, beste fase bat bukatuko da. Bide horretan, hamaseina hilabete egin dituzte preso gazteek, batez beste; 35 urte denera. 768.000 mila euro ordaindu zituzten kartzelatik irteteko berme gisa, eta epaiketan 112.000 euroko gastua izango zutela kalkulatu zuten. Gainera, Loiolako herri harresiaren ondoren, preso egon dira bost auzipetu zenbait astez.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Libre dinamikatik herriz herri, besteak beste, gastu horiei aurre egiteko. Astezkenerako, deialdi berezia egin dute: autobusak jarri dituzte Madrilera, gazteei babesa adieraztera joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.