Eusko Jaurlaritzaren proposamena

Permach: "Gatazka luzatzeko planteamendu baten aurrean ezker abertzalearekin ezingo da kontatu"

Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidenteak Jaurlaritzako Hirukoak Legebiltzarrean falta dituen bi botoak ezker abertzaletik jasotzeko esperantza duela esan zuen atzo, eta Joseba Permach Batasuneko kideak ezker abertzalea gatazka gainditzeko akordioa lortzeko prest dagoela esan du, baina "txapuzak" ez dituela nahi. "Orain 25 urte bezala nahi baldin bada txapuza berri bat planteatu gatazka luzatzeko, ezker abertzalearekin ezingo da kontatu", gogoratu du Permachek Euskadi irratiko uhinetan.

2003ko urriaren 28a
15:37
Entzun
Ibarretxe plana aurrera ateratzeko Jaurlaritzako Hirukoak Legebiltzarrean falta dituen bi botoak ezker abertzaletik jasotzeko esperantza azaldu zuen atzo Xabier Arzalluzek. Urrats hori posible egiten ez badu zer azalpen emango zien bere baseei galdetzen zien EAJko buruzagiak ezker abertzaleko buruei. Karlos Garaikoetxeak, berriz, Estatutu berriaren plana onartzen ez bada hauteskundeak aurreratu egin beharko direla azpimarratu zuen eta ezker abertzale Legebiltzarretik kanpo legokeela hurrengo hauteskunde horietarako.

Arrazoi horiek entzunda, Joseba Permach Batasuneko kideak esan du, batak zein besteak ardura politiko gutxi erakusten dutela. Ezker abertzalea prest dago gatazka gainditzeko akordioa lortzeko, baina txapuzak ez ditu nahi. "Bilatzen baldin baditugu akordioak eta adostasunak, eta horiek baliogarriak izan baldin badaitezke gatazka konpontzeko eta Euskal Herriak dituen arazoei aurre egiteko, ezker abertzaleak jarrera positiboa izango du", nabarmendu du Batasuneko kideak.

Berriz ere, nahi baldin bada orain 25 urte bezala txapuza berri bat planteatu gatazka luzatzeko ezker abertzalearekin ezingo dela kontatu esan du, eta hori, berez, aldez aurretik jakin beharko lukete bai Karlos Garaikoetxeak eta bai Xabier Arzalluzek ere. "Horren ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar baldin badituzte, esan, mehatxu handiagoak ere jasan izan ditugula, adibidez, Estatu espainiarraren aldetik, eta guk hemen jarraitzen dugula", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.