politika

Pernando Barrena libre geratuko da, 50.000 euroko bermea ordainduta

Ezker abertzaleko kidea duela bi urte atxilotu zuten, Batasunaren izenean aritzea eta "delitua errepikatzea" egotzita. Aurrerantzean ezingo luke "antzeko bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan" parte hartu, Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera.

2010eko otsailaren 3a
19:12
Entzun
Pernando Barrena ezker abertzaleko kidea aske geratuko da hurrengo orduetan, baldin eta 50.000 euroko bermea ordaintzen badu. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du erabakia, gaur. Bestela, beste bi urtez edukiko lukete "badaezpadako" kartzelaldian, epaiketa egin artean -Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxean daukate-.

2008ko otsailaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Berriozarren (Nafarroa). Batasuna legez kanpoko alderdiaren izenean aritzea eta hitzaldiak-eta emateagatik "delitua errepikatzea" leporatuta atzeman zuten, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Auzitegiak dio orain ere ezingo duela "antzeko" ekimenetan parte hartu -"antzeko bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan"-.

Lehengo urtarrilaren 21ean Auzitegi Nazionalera eraman zuten Barrena, espetxealdia beste bi urtez luzatzeko tramiteak egitera, oraindik epaiketaren zain baita. Fiskalak luzatzeko eskaera egin zuen -neurri bera galdegin zuen Jose Manuel Jurado, Mikel Etxaburu, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Joseba Zinkunegi, Eusebio Lasa eta Mikel Garaiondo ezker abertzaleko kideen kontra-. Otsailaren 7rako Barrenaren senitartekoek eta lagunek Berriozarrerako manifestazio deialdia egin zuten, hark ez duela espetxean egon behar aldarrikatzeko.

Garzonek iazko abenduan bukatu zuen Batasunaren, EHAKren eta ANVren kontrako sumarioa, eta 43 lagun auzipetu ditu; Barrena tartean.

Patxi Urrutia ere atxilotu zuten 2008ko otsailaren 4an, Iruñean, arrazoi bera egotzita, eta joan den azaroaren 21ean libre geratu zen, bermea ordaindu ostean. Ocaña I kartzelan (Toledo, Espainia) zeukaten. Urrutia ere auzipetua du Garzonek aipatutako auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.