Aitor Jauregi. Hirigintza gaietako ikertzailea

«Pertsona bakoitzak bere modua du hirian egokitzeko»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hiri antolamenduaren eta genero ikuspuntuaren arteko harremana hizpide izan zuten lehengo astean Gasteizen, Hirigintza barneratzailea, kaleek badute generoa mintegiaren barnean. Segurtasuna, mugikortasuna eta beste zenbait ildo jorratzeaz gain, EAEko udalerri handienek bide horretan egindako lana ere aurkeztu dute bertan. Hirigintza genero ikuspegitik aztertzeko ekintzak sustatzeko, laguntza bat emateko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, eta abiapuntuaren berri izateko, 3.000 biztanletik gorako udalerrietan egindako lana aztertu du Aitor Jauregi ikertzaileak.

Aztertu dituzuen 3.000 biztanletik gorako 88 udalerrietatik %46,6k baino ez dute egin gaiari buruzko ikerketarik.

Horrela esanda, gutxi direla ematen du, baina gure ondorioa da asko izan direla. Hiri handienek badituzte horrelako azterlanak, eta ikerketa horien emaitzei esker konponbide lan batzuk abiatu dituzte dagoeneko. Dena den, egia da; herren samar dauden tamaina ertain-txikiko udalak daude, ondorioetan azaldu dugun bezala.

Zer dela eta?

Baliabide ekonomiko gutxiago dituztelako, baita baliabide pertsonal gutxiago ere. Oraindik ere ez dute beren burua ikusten horrelako gaiei ekiteko; kanpoko laguntzak eskertuko lituzkete, baita gaiari nola aurre egin jakiteko laguntza ere. Ia guztiek esan digute laguntzak baleude prest leudekeela gaiari heltzeko.

Zein eragin du genero berdintasunaren ikuspuntuak hirigintzan?

Ni ez naiz teorikoa, eta agian ez naiz pertsona egokiena erantzuteko, baina uste dut edozein jabetu daitekeela pertsona bakoitzak bere modua duela hirian egokitzeko. Espazio publikoak erabiltzeko baliabide desberdinak dituzte bastoi birekin doan agureak eta gazte batek. Desberdinak dira goizeko lauretan Gasteizen Aiztogile kaletik Lakuara oinez bakarrik doan neskatila baten egoera eta adin bereko mutil batena. Hiria guztiontzat izan dadin bermatzea da izan behar dugun helburua.

Berdintasun eta Hirigintza Sailen artean, zenbait kasutan, komunikazio falta dagoela islatzen duten datuak bildu dituzue. Zeren seinale direla iruditzen zaizue?

Berdintasun sailetan aurrera eraman dira gai hauek ia udal guztietan. Berdintasun Plan Orokorren barnean beti dago jasota hirigintzari egindako aipamen bat, eta hirigintza aztertzeko beharrari egindakoa genero ikuspegitik. Ikerketaren kopia bat lortu izan arren, Hirigintza Sail batzuetan ez dakite egin denik ere. Diru laguntza ematen bada, diru laguntzak berak sailen arteko koordinazioa derrigortzea proposatu dugu. Ez dakigu zenbateraino lor dezakeen horrelakorik deialdiak.

Udaletan interesik bada?

Jaso ditudan erantzunen ondorioen arabera, jendeak interesa du, baita mila zalantza ere. Inork ez daki oso ondo zer egin, ezta azterlana egin duten udalerriek ere. Berdintasun sailek sustatu dute lan hori gehienetan, eta behin eginda dagoenean, ez dakite Hirigintza Sailari pasatu behar dioten, alkatetzari, osoko bilkurara eraman... Ikerketaren ondoren zer egin da galdera.

Udalerri handietan ikerketak egin direla esan duzu. Zer ildotan lan egin dute hiriburuetan?

Gasteizko Udaleko berdintasun eta hirigintza sailetako arduradun bik aurkeztu zuten oraindik bukatu gabe duten analisi sakon bat, gehien bat segurtasunera begira. Erkatu dituzte segurtasun sentsazio gutxien non duten emakumeek, eta hori alderatu dute delitu erreal gehien duten auzoekin, eta ez datoz bat. Segurtasunaren gaia bitxia da, eta datu berdintsuak daude Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Zergatik hori?

Errealitatearekin zerikusi zuzenik ez duen beldurraren kontzepzio subjektibo bat dago hor. Hedabideen eraginaz hitz egin zen, azkenaldian beldurraren sustatzaileak bihurtu zaretelako. Gasteizen mota askotako auzoak daude, hiri baten barruan hiri mota ezberdinak, eta azter daiteke zeinek eman duen emaitza egokiagoa gizarte aldetik eta segurtasun aldetik.

Dentsitatea ere aipatu duzu. Zein alde aztertzen dira udalerrien ikerketa horietan?

Alde batetik, mugikortasun gaiak aztertzen dira; funtsean emakumeek erabiltzen dituzte gehien garraiobide publikoak. Segurtasun gaiak ere aztertzen dira, beldurraren sentsazio horiek saihesteko. Alde sinbolikoa ere ikergai da; gure herri eta hirietako kaleen izenak oro har maskulinoak dira, eta femeninoak direnean, ia gehienetan edo neutroak dira edo ama birjinak edo horrelako figuren izenak dituzte. Ibiltzeko erraztasuna ere aztertzen da, funtsean emakumeek jarraitzen dutelako zaintza lanak egiten.

Hirigintza kontseiluek behar bezala sustatzen al dute herritarren parte hartzea horiek hirigintza eredu horietan eragiteko?

7.000 biztanletik gorako herrietan egon behar dute kontseilu horiek: 2006ko Lurzoruaren Legeak derrigortzen du hori. Herritarren parte hartzea sustatzeko foro instituzional bat izateko sortu dute, baina, nire ustez, ez da jardunaldiotan hitz egiten ari garen parte hartzearen maila berekoa, eta gutxiago ikusi dudan konfigurazioagatik. Badaude, esate baterako, sei kideko kontseiluak, eta horietatik hiru politikariak dira; ez dut uste hori parte hartzeko foro esanguratsu bat izan daitekeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.