ATXILOKETA

Pertsona bat atxilotu du Guardia Zibilak Tolosan, "terrorismoa" goratzea egotzita

Xabier Otegi da atxilotua, eta Info7 irratian egindako adierazpen batzuengatik atzeman dute.

2014ko uztailaren 29a
13:20
Entzun

Gaur goizean atxilotu du Guardia Zibilak Xabier Otegi tolosarra, etxean; "terrorismoa" goratu izana egozten diote. Maiatzaren 8an, AHTaren inguruko solasaldi batean parte hartu zuen Info7 irratian. Solasaldian egindako adierazpenengatik atxilotu dute.

Guardia Zibilaren esku dago orain, eta espero da bihar deklaratzea epailearen aurrean. Espainiako Zigor Kodearen arabera, delitua da terrorismoa goratzea; kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezar diezaiokete. Apirilaren bukaeran, hamabost pertsona atzeman zituen Guardia Zibilak Euskal Herrian, sare sozialetan terrorismoa goratzea leporatuta.

Tolosaldeko AHT Gelditu Elkarlana-k Otegiren atxiloketa salatu du. "Onartezina" deritzo egunerokotasunean egiten dituzten "legez kontrako ekintzengatik" zigorrik ez izateari, eta "AHTaren aurkako mugimendua behin eta berriz kriminalizatuz, errepresio lazgarria jasan behar izateari". 

EH Bilduk salatu duenez, atxiloketak ez du "inolako justifikaziorik", eta Otegi berehala aske uzteko eskatu du. Horrez gain, Guardia Zibila "Euskal Herritik atera" eta "estrategia bortitza" alde batera uztea galdegin dio Espainiako Estatuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.