Gasteizko Alde Zaharrean gertatu zen istilua, larunbatean, 22:00 aldera. Ertzaintzak azaldu duenez, ordu horretan gazte batzuek poliziari deitu zioten, eraso egin zietela salatzeko. Ertzainak tokira bertara heldu zirenean, lau gaztek zenbait kolpe zeuzkaten, eta «odola zerion zauri bat aurpegian». Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Iñaki Garcia Calvo da erasoak egin dieten horietako bat, Gasteizko Alderdi Popularreko zinegotzi ohia. Garciaren esanetan, «arrazoi ideologikoengatik eraso» egin omen zioten.
Lau gazteek adierazi zutenaren arabera, bi pertsona hurbildu zitzaizkien taberna bateko kanpoaldean zeudenean, eta orduan sortu zen istilua. Hurbildu ziren horiek edaria gainera bota omen zieten. Beste gazte bat ere hurbildu zen gero, ertzaintzaren arabera, eta hark aurpegian jo zituen. Geroago, beste sei pertsonarekin batera itzuli omen zen ustezko erasotzailea, eta kolpe gehiago eman zizkieten. Ertzaintzak iragarri du goizaldean atxilotu duela ustez erasoan parte hartu zuten pertsonetako bat. Atxilotuak 23 urte ditu, eta lau gazte horiei eraso izana leporatzen zaio.
Politikarien aldetik, erreakzio ugari egon da gertaeraren harira. Carlos Iturgaiz Euskal Herriko Alderdi Popularraren buruzagiak bere Twitter kontuan salatu du «piztua erradikalek» eraso dietela gazte horiei, eta ertzaintza zoriondu du «erradikalak» atxilotzeagatik. Gaineratu du, «Euskadin oraindik ere ETAren aldeko ghettoak» daudela, eta «askatasuna» falta dela. Urkullu lehendakariak ere ordu batzuk geroago gaitzetsi du erasoa sare sozialetan, erasoak izan direnei elkartasuna adieraziz.