Iazko abenduan aurkitu zuten gorpua Gaztelun (Donamaria, Nafarroa), leize batean. 36ko gerran hildako pertsona batzuen gorpuen bila ari zen talde bat, eta usteltzen hasitako gorpu bat topatu zuten. Autopsiak baieztatu zuen Iñaki Indarten gorpua zela. Legasakoa zen mutila, eta 24 urte zituen.
2008ko martxoan desagertu zen. Donezteben (Nafarroa) igaro zuen arratsa, eta etxera abiatu zen autoan. Bidean Foruzaingoak geldiarazi zuen, baina ihes egiten saiatu zen. Atxiki zuten, eta positibo eman zuen alkohol proban. 06:00ak aldera libre utzi zuten, eta foruzainek azaldu zuten Legasan utzi zutela, herri sarreran, hark eskatu zien bezala. Lekuko batek baieztatu zuen ordutsu horretan ikusi zela.
Hortik aurrera, ez dute xehetasunik. Salaketa jarri zuen familiak, eta bila aritu ziren larrialdiko taldeak, baina ez zuten arrastorik aurkitu. Sei urte eta erdi igarota, abenduan aurkitu zuten gorpua Legarrea leizean, Gaztelun.
Nafarroako Barne kontseilari Javier Morrasek baieztatu du pertsona bat atxilotu duela Foruzaingoak kasu horrekin lotuta. Ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, kasua sekretupean dagoelako. Hedabide batzuek jakinarazi dute Indarten aita dela atxilotua, baina informazio hori ez dute baieztatu iturri ofizialek. Datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.