Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du bart gauean Irunen (Gipuzkoa), atzo goizean Hondarribiko etxe batean gertatutako eztandarekin lotuta.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 23:10ean atzeman zuen Ertzaintzak gizona. Gertatutakoa ikertzen segitzen dute poliziek. Udalak adierazi du eraikinak ez duela "kalte handirik" egituran. Nolanahi ere 40 auzokidek hoteletan eta senideen etxeetan igaro dute gaua, badaezpada.
Eztanda atzo jazo zen, 06:00etan, Ubilla kaleko etxebizitza batean. Hasiera batean, gas eztanda izan zela uste izan zuten, baina, azkenean, hipotesi hori baztertu eta nahita eragindakoa izan zela ondorioztatu zuten, etxebizitzan hainbat aztarna atzeman baitituzte, hala nola erregaia.