Asteazken arratsaldeko zortziak aldera, errepide istripu bat gertatu da Aurizperrin (Nafarroa). Auto bat eta motor baten arteko talka izan da, NA-1720 errepideko 28 kilometroan. Motor gidaria momentuan hil da, eta harekin zihoan laguna larri zauritu da.
Nafarroako Gobernuak eta Guardia Zibilak jakinarazi dutenez, motorra desnibel batetik behera erori da, eta erreskate taldeek esku hartu behar izan dute. Gidaria 65 urteko Frantziako gizon bat zen, eta harekin zihoana 65 urteko Frantziako emakume bat. Zauritua Aurizko suhiltzaileek erreskatatu dute, eta helikopteroz eraman dute Nafarroako Ospitalera, politraumatismo larriekin.
Guardia Zibilak errepidearen zati bat itxi du, eta trafikoa beste bide batetik bideratu dute.
Aste honetan, gainera, beste istripu larri bat gertatu da Almerian (Espainia), kamioi batek eta auto batek elkar jotzean. Ezbeharrean Nafarroako senar-emazte batzuk hil ziren, eta haien bi haur adingabeak larri zauritu. Kamioi gidaria kartzelatu dute, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua leporatuta.