Pertsona bat hil da auto istripu batean, N-121-A errepidean, Bera parean (Nafarroa). Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez, auto batek eta kamioi batek aurrez aurre jo dute, eta lagun bat hil egin da. Ez dute argitu hildakoa kamioian ala autoan zihoan. Istripuaren eraginez, bi bideak moztu dituzte, eta auto pilaketak sortzen ari dira. Kamioientzako trafikoa A-15 errepidetik desbideratu dute.
N-121-A errepideak Irun (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen ditu, eta haren egoera hizpide izan da urte hasieran, urtarrilean bi gazte auto istripu batean hil ondoren, Olague parean. Horietako baten familiak «berehalako konponbideak» lehenesteko eskera egin zien erakunde publikoei. Horiez gain, 2010etik 2019ra 31 pertsona zendu dira errepide horretan. Hamarkada hasi zenetik, gainera, ia urtero handitu da ezbeharren ondorioz hildakoen kopurua. Zaurituak ere izan dira: larri zauritutako 69 pertsona, eta arin zauritutako 222. Istripu gehienak Nafarroako lurretan gertatu dira; handik igarotzen da errepidearen zatirik luzeena. Duela aste batzuk, bertako Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak adierazi zuen lehentasunezkoa dela N-121-A errepideko lanak egitea. Horretarako, aurtengo aurrekontuetan milioi bat euro izango dituzte. Horrela, 35 kilometrotan bereizi egingo dituzte errepidearen bi noranzkoak, barrera metaliko bertikal batekin.
Udalen protesta ostiralean
N-121-A errepidean izaten diren istripu ugariak salatzeko, gainera, errepidea moztu eginen dute heldu den otsailaren 28an, Bera parean. Urte hasieratik egon diren heriotzen harira, kezkaturik agertu dira udalak. Nafarroako Gobernuarekin bildu dira irtenbide bat eskatzeko, eta protestara ere deitu dute orain, ostiralerako. Kamioien trafikoa A-15etik desbideratzeko eskatuko dute, besteak beste.
Kamioien trafiko handiak ez ezik, hainbat irteerak ere sortzen dute kezka, eta horietako bat da protesta eginen duten lekua: Berako irteera. 19:30ean hasiko dute mobilizazioa, ostiralean, eta ordu batez edukiko dute errepidea itxita, baimenduta.