Urtarrilaren 31n pertsona ezagunek irakurriko dute Segiko kide izatea egotzita epaitutako 36 gazteen azken hitza. ”Jokoan dagoena herri honen geroa da; horregatik herriari eman nahi diogu hitza”, jakinarazi du Zuriñe Gojenolak gazte auzipetu guztien izenean.
Datorren asteko ostiraleko agerraldian alegatua irakurriko duten hainbat pertsonen izen-abizenak jakinarazi dituzte jada: Jesus Egiguren, Jose Maria Montero, Toti Martinez de Lecea, Jose Luis Korta, Alex Txikon, Miren Amuriza… Pertsona horiek gazteen alegatuarekin bat egin dute, eta guztien artean irakurriko dute.
Bestetik, positiboki baloratu dute 2013ko urriaren 14an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi zenetik egindako lana. ”Gaur, duela hilabete batzuk baino handiagoa da epaiketen kontra dauden herritarren multzoa, eta geroz eta zailagoa epaiketak egitearen aldeko jarrera”
Ordea, epaiketek aurrera jarraitzen dutela gogorarazi dute auziperatuek; datozen hilabetetan 200 herritar baino gehiago epaitu ditzaketela zehaztu dute. Testuinguru horretan pausu berriak emateko deia egin dute. ”Gatazkatik konponbidera zubia igarotzeko garaia da, eta zubi hori denon artean eraiki nahi dugu ahalik eta zabalena eta sendoena izateko”.
Bide horretan 31ko agerraldia ”etapa baten bukaera eta beste baten hasiera” izango dela jakinarazi dute, baita zehaztu ere ”zubiaren lehen eskailerak soilik” eraiki direla.