Petronorrek «hodei toxiko bat» eragin duela salatuta, protestara deitu dute

Meatzaldeko eragileek erakundeei aurpegiratu diete ingurumenaren «kontrol eraginkorrik» ez dutela egiten

Petronorrek igortzen dituen gasek osasun kalteak eragiten dizkietela salatu dute bizilagunek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Abanto
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Hilaren hasieratik airera igorritako gasekin «hodei toxiko bat» eragitea leporatu diote Petronorri Meatzaldeko hainbat eragilek. Hortaz, «aire garbia arnasteko eskubidea» aldarrikatuko dute igande eguerdian, Las Carrerasko plazatik (Abanto, Bizkaia) findegiko ateraino joango den manifestazioan. Azken bi asteetan «oso nabarmena» izan da airearen kutsadura Petronorretik gertu dauden herrietan, bizilagunek eta eragileek baieztatu dutenez. Koke plantaren aurkako koordinakundeko kide Josema Leonen hitzetan, «martxoaren 2tik, gas hodei batean bizi gara etengabe Meatzaldean».

Ezaugarri horiek dituen airea arnasteak «itolarria, goragalea, negarra, azaleko hazkura eta mukiak» eragiten dituela adierazi dute; bizitza era normalean egiten jarraitu ote dezaketen ere zalantzan jarri dute: «Ez dakigu haurrekin paseatzera edo kirola egitera irten gaitezkeen, edo etxean gelditu behar dugun».

Neurketen gorabeherak

Manifestaziora deitu duten taldeen irudiko, airearen kalitatea neurtzeko sistema «ez da nahikoa». Ingurumen egoeraren «kontrol eraginkorrik ez egitea» egotzi diete erakundeei. Ildo berean, «lotsagarritzat» jo dituzte gai horri lotuta Muskizko alkate Borja Liañoren adierazpenak. «Alarma eragitea egotzi digu, eta airearen kalitatea bikaina dela esan du hedabideetan, badakien arren neurgailuak ez duela funtzionatzen».

Izan ere, eragileen hitzetan, Muskizko eta Abantoko neurgailuek «ez dituzte ohiko parametro guztiak erakutsi» 2011tik hona.Gainera, airearen kalitatea neurtzeko kontrol sareak «oinarrizko parametroak» baino ez ditu kontuan hartzen. «Ez ditu ikertzen findegi baten igorpen zehatzak; hala nola hidrokarburoak eta lurruntzen diren konposatu organikoak». Petronorrek airearen kalitatea kontrolatzeko kabina bat ipini zuen Muskizen, Ingurumen Baimen Integratuak ezarritako baldintzak betetzeko, baina, eragileen arabera, biltzen dituen datuak ez dira argitaratzen: «Eta enpresak berak kudeatzen du neurgailua, baita haren mantentze lanak egin ere». Gainera, BERRIAk jakin ahal izan duenez, koke planta martxan jarri du Petronorrek azken asteetan,ekoizpen arloko probak egiteko.

Salaketak, milaka

Azkenaldian, airearen kutsadura dela eta, 2.000 salaketa jarri dituzte Meatzaldeko bizilagunek. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak kabina mugikor bat jarri du Muskizen.

Las Carrerasko emakumeen elkarteak ere (Emelka) salaketa jarri duela azaldu du Maite Garcia elkarteko presidenteak: «Kide guztien sinadurak biltzen saiatu gara, salaketa kolektiboa jartzeko, baina, Ertzaintzak jakinarazi digunez, hori ez da posible». Horrenbestez, elkartearen izenean jarri behar izan dute salaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.