LGTBI

Pezeta bilketa, Malawiko LGTBIQ+ kolektiboaren alde

Alaitz Saizar pasaitarrak jarri du martxan egitasmoa, Malawiko beste bi ekintzailerekin batera. Dirua biltzeko kanpaina jarri dute martxan, GKE bat sortzeko asmoz.

jone arruabarrena
2021eko maiatzaren 11
14:08
Entzun

Malawin zegoela, Emory 23 urteko gaztearen kasuaren berri izan zuen Saizarrek. Lesbiana izateagatik kale gorrian geratu zen Emory, eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko kanpaina bat abiatu dute orain biek, beste ekintzaile batekin batera. Iragan hilabetean BERRIAk Saizarri egin zion elkarrizketan, azaldu zuen malawiarrentzat «ez dagoela» pertsona homosexual edo transexualik, 186.000 malawiar LGBTQI+ gisa identifikatzen diren arren: «Sexu berekoen arteko harremanak immoraltzat jotzen dituzte, arau kultural eta ideologia erlijiosoengatik». Legea ere ez daukate alde kolektibo horretako pertsonek: sexu bereko pertsonekin harremanak izateagatik bost urteko kartzela zigorra ezartzen du legeak emakumeentzat, eta hamalau urtekoa gizonezkoentzat. Transexualitatea, berriz, legez kanpokoa da.

Egitasmoaren bidez biltzen duten diruarekin, kolektiboaren egoera hobetzeko asmoa daukate, eta, horretarako, GKE bat sortzekotan dira: «Arazoren baten aurrean dagoen orok nora joana izatea da gure asmoa. Kolektiboko datu base bat eduki nahi dugu, eta hiru edo lau hilabetetik behin dei bat egin, haien egoeraren jarraipen bat egiteko. Bakarrik ez daudela sentitu behar dute. Laguntza psikologikoa eta juridikoa ere eman nahi diegu», azaldu zuen pasaitarrak elkarrizketan. Herrialdeko egoeraren berri emateko, bideo bat zabaldu dute.

Pasai Antxoko Topaguneak kanpainan lagundu nahi izan du, eta sareetan zabaldu du proposamena: ekainean pezetak eurotara aldatzeko epea bukatzen dela eta, pezeta zaharrak atera eta eurotara aldatu ondoren, kanpainarako ekarpena egiteko baliatzeko deia luzatu dute. Hala ere, pezetarik ez duenak ere ekarpena eurotan egiteko aukera izango du. Maiatzaren 16an, 12:30etik 13:30era izango da ekarpena egiteko aukera, Antxoko Zumardia kalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.