Kalean ibili dabil diru beltza. Lehen bezala, gaur egun. «Pezetarenak egin aurreko hiletan barra-barra zegoen, ordea», GESTHA Espainiako Ekonomia Ministerioko Finantza Teknikarien sindikatuko lehendakariorde Jose Maria Mollinedok zehaztu duenez. «Luxuzko ibilgailuen salmenta %7,4 igo zen, etxebizitzena %13 eta artelanena %40. Dirua kontu korronteen bitartez zuritzen saiatuz gero, ogasuna atzetik joango zitzaien beldur zen jendea». Nahiago ondasunak pilatzen hasi.
Ekonomia Ministerioak, gainera, malgutasunez jokatzeko eta erosketak «larregi» ez kontrolatzeko asmoa iradoki zuen, diru beltza sistemara bueltatu zedin. «Hainbeste hedatu zen sukar kontsumista bitxi hori, ezen billeteen ekoizpena sano murriztu behar izan zuen Espainiako Bankuak». Baina gauza bat da luxua erostea, eta besterik da erositakoren berri ematea errentaren aitorpenean.
EPEMUGA BUKATZEAR. «Zuritutako 866 milioiengatik zergarik pagatu behar ez zutela pentsatu ei zuten». Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian 200 milioi euro utzi zituzten pagatu gabe -interesez eta balizko isunez gain-. Eta, harrezkero, ogasunek «ezer gutxi» egin dute iruzurgileak estu hartzeko eta dirua berreskuratzeko, Mollinedok azaldu duenez. «Gisa horretako iruzurrek preskribatu egiten dute lau urteren buruan eta epemuga, beraz, aurtengo uztailaren 1ean agortzen da».
Administrazioak, nolanahi ere, oraindik aukera dauka iruzurra saihesteko. «Erosketei eta errenta aitorpenari buruzko datuak erkatzea nahikoa da zordunak zein diren jakiteko. Horiei gutuna bidali eta kito: preskripzioa bertan behera geratzen da eta ikertzen jarrai dezakete ogasunek».
Pezetak luxu bihurtu , eurorik ez aitortu
Diru beltza gastatzen hasi zen euskal herritar asko txanpon aldaketaren atarian: 866 milioi euro zuritu, baina ez zituzten aitortu, eta gaur zortzi preskribituko dute 200 milioi euroko zergek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu