PFEZaren atxikipen taulek %2ko inflazioa aintzat hartzea hitzartu dute EAJk eta PSEk

Kontsumo prezioen indizea %0,7 jaitsi da urtarrilean, eta inflazioa %4,1ean geratu da

I. SANTAMARIA / M.GARATE GASTEIZ / DONOSTIA
2008ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Inflazioaren eragina aintzat hartzeko Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) egokitu beharko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunek. EAJk eta PSE-EEk Arabarako egin duten akordioa beste bi herrialdeetara ere hedatuko da. Moldaketa Zergak Koordinatzeko Organoan prestatuko da, eta aldundi bakoitzaren ekimen legegile baten bidez gauzatuko da.

Urte batetik besterako PFEZaren atxikipen taulak eta tarifak zehazterako orduan inflazioa aintzat hartzen duen prozedurari deflaktazioa deritzo. Horren helburua da herritarrei ezarritako presio fiskala ez igotzea bizitza garestitu izanaren ondorioz. Esaterako, langile baten soldatan soilik KPIaren pareko hazkundea eman bada, igoera horren eraginez pertsona horrek PFEZerako atxikipen handiagoak ordaindu behar ez izatea da helburua.

Aurten deflaktaziorik ez egitea erabaki zuten foru ogasunek. 2008an errenta gaineko zerga arau berria indarrean sartu dela argudiatu dute, eta aldaketa egon ohi den urtean ez direla taulak eta tarifak inflaziora egokitzen azpimarratu dute. Alta, erabakiak hautsak harrotu ditu, besteak beste, iazko KPIa, %4,2, azken urteotako handiena izan delako. Espainiako Kongresurako hauteskundeak hurbil izateak ere polemika areagotu du.



%2KO ZUZENKETA SOILIK. Azkenean, ostera, atzera egin dute foru aldundiek. Akordiorik ez dute baieztatu, baina Arabakoak, agiri baten bidez, aldaketa aztertuko dutela iragarri zuen. «Azken hilabeteotako errealitate ekonomikoaren, eta, batez ere, KPIaren garapenak egoerari buruz hausnartzea eskatzen du, eta beharrezko erabakiak hartzea ekonomia pertsonaletan gertatu ahal diren desoreka posibleak zuzentzeko». Gipuzkoakoak berriz, «aldaketa oro finantza kontseiluan hitzartu behar dela» nabarmendu zuen.

EAJk eta PSE-EEk hitzartu duten moldaketak ez du iazko inflazio guztia zuzenduko, 2008. urterako dagoen aurreikuspena, %2, erabiliko delako.

Sozialisten ustez, biderik egokiena da, aurrekontuak ere oinarri horrekin prestatu direlako. Itun horrekin sozialistek errentaren gaineko zergari buruzko eztabaida «bukatutzat» jo dute, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak aurreratu duenez. «Deflaktazioaren asmoa aurten herritarrek eskura duten dirua ez murriztea da, batez ere errenta apalenetan izango zuen efektua kontuan hartuta», azaldu du.

Jeltzaleek eta sozialistek, batera, ez dute arazorik izango erreforma legegilea aurrera ateratzeko, hiru lurraldeetako batzar nagusietan gehiengo osoa dutelako.

Bestalde, iazko abuztutik etengabe gora egin ostean, urtarrilean jaitsi egin dira prezioak Hego Euskal Herrian, abendukoekin alderatuta %0,7. Urtearteko datuak,ordea, guztiz bestelakoak dira. INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, inflazioak ere behera egin du, %0,1. Halere, oinarrizko produktuak orain urtebete baino %4,1 garestiago daude.

Merkealdiaren hilabetea izaten da urtarrila, eta horrek eragin zuzena izan du KPIaren jaitsieran. Nabarmen jaitsi dira arropa eta oinetakoen salneurriak, abenduan baino %12 merkeago zeuden urtarrilean. Bestelako produktu batzuk ere jaitsi dira: esaterako, kultura eta aisialdikoak. Garestitu egin dira alkoholdun edari eta tabakoa nahiz etxebizitza.

Lurralde guztietan egin du behera KPIk, baina batez ere Nafarroan. %1,1 jaitsi da herrialde horretan; Bizkaian eta Araban %0,6, eta Gipuzkoan %0,5. Urtebeteko bilakaera aintzat hartuta, ordea, salneurriek gora egin dute nabarmen: Araban %4,6 altuagoak dira prezioak duela urtebete baino Nafarroan eta Gipuzkoan %4,1 eta Bizkaian %4.



KALTETUAK, «BETIKOAK». CCOO sindikatuak aipamen berezia egin dio janarien salneurriaren igoerari. Horiek dira, urtearteko datuei erreparatuz gero, gehien garestitu direnak, %7 pasatxo hain zuzen. «Indize orokorraren mailatik oso gora daude, larrialdiko neurriak hartu behar dira inflazioa gerarazteko», esan du. Sindikatuaren arabera, «prezioen igoerak baliabide ekonomiko gutxien duten herritarrei eragiten die nagusiki». Hala, euren eros ahalmena nabarmen murrizten dela adierazi du.

Langileek prezioak kontrolatzeko konpromisoa hartu dutela dio CCOOk, baina enpresaburuek ez dutela gauza bera egin: «Ugazabek gehiegizko prezioak ezartzen dituzte, administrazioaren oniritziarekin». Era berean, Europako Banku Zentralaren helburua -inflazioa %2tik behera mantentzea- oraindik oso urrun dagoela esan du.

UGTren iritziz ere, datuak ez dira hain baikorrak. «Beherapenen eragina ez da oso urrutira iritsi, ez baitute lortu oinarrizko produktuen garestitzea gelditzea», esan du. Pilar Collantes ekintza sindikaleko idazkariaren arabera, «betikoek» jarraitzen dute ordaintzen. Soldatako langileak eta pentsiodunak aipatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.