Datorren astetik aurrera txerto banaketa aldi baterako murriztuko du Pfizer botika etxeak, ekoizpen gaitasuna areagotzeko. Norvegiako Osasun Publikoko Institutuak iragarri du albistea aurrena, eta botika etxeak berak baieztatu egin du ondoren. Pfizer konpainiaren asmoa da aurten txerto gehiago ekoiztea; zehazki, urtean 1.300 milioi dosi ekoitzi beharrean, 2.000 milioi ekoitzi nahi ditu orain. Dosi ekoizpena areagotzeko prozesuan eta instalazioetan aldaketak egin beharko ditu enpresak, eta, horiek aurrera eramateko, moteldu egin behar du orain arteko ekoizpen erritmoa. Erabaki horren eraginez, urtarril bukaerako eta otsail hasierako bidalketak murriztuko dira, baina otsail bukaeran eta martxoan Europako herrialdeek dosi kopuru «dezente handiagoa» izango dute eskura, Pfizerrek ohar batean jakinarazi duenez.
Aldi baterako murrizketak Europako herrialde guztiei eragingo die. Norvegiak, adibidez, %17,7 dosi gutxiago jasoko du. Espainiak 350.000 dosi jasotzen ditu astero, baina, murrizketarekin, 62.230 dosi gutxiago izango ditu.